Kritika. Zinema

Gaia bera da muga

Gontzal Agote.
2012ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
'Cave of ForgottenDreams'

Zuzendaria: Werner Herzog. Generoa: Dokumentala. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2010. Iraupena: 95 minutu.

Sumendi baten mehatxupean irla utzi nahi ez duten hiru biztanle bitxi horiek, Antartikako izotz pusken artean tabernan elkartzen den friki kuadrilla, zeppelin batekin oihanaren gainetik hegal egin nahi duen ingeniari zoro samarra, Timothy Treadwellen Alaskako bideo surrealistak...

Benetakoa ala gezurrezkoa? Horixe da Werner Herzogen dokumental baten aurrean sortzen den lehendabiziko galdera. Zuzendari alemaniarra lehen mailako aditua da dokumental zinematografikoaren oinarrizko zutabea birrintzen: sinesgarritasuna. Haren filmetan narratzaileak —Herzogek berak— hartuohi duen distantzia ironikoari esker, ikusleak etengabe galdetu beharko dio bere buruari ia norbaitek ziria sartu nahi ote dion.

Horrez gain, haren dokumentaletan agertu ohi den pertsonaia galeriak irrealtasun sentimendu hori areagotu ohi du. Kamera aurrean jartzen dituenek Tod Browningen pelikula batetik ateratakoak ematen dute, eta horrela are zailagoa da kontatzen ari diren horretan sinestea.

Ezaugarri horiek ohi baino lausotuago agertzen dira Cave Of Forgotten Dreams honetan. Izan badira ironiarako momentuak eta kontatzen ari den horrekiko distantzia kritikoa —bihotz taupadak, edo zientzialarien lanari egindako hainbat aipu—; hainbat momentutan pertsonaiek zientziarekin zerikusirik ez duten portaera xelebreak agertuko dituzte —historiaurreko izakien modura jantzi, edo gezi jaurtiketa bat eginez—. Hala ere, oraingo honetan beste zerbaitek hartu du protagonismoa: kobazuloak berak.

Inork izan ez duen aukera izan dute Herzogek eta haren taldeak, Chauvet kobazulora sartu eta bertan dauden historiaurreko margo harrigarriak filmatzea. Hortaz, ez da dokumentalerako gaia bilatu behar, irudiak beraiek dokumentala dira.Zinez ederrak dira, eta ez soilik duten balio artistiko edo arkeologikoagatik. Horiek ikustean eta jakitean milioika urtetan kobazuloa guztiz zigilatuta egon dela denboran bidaia bat egitea da.

Cave of Forgotten Dreams zatarragoa eta konbentzionalagoa izanen zen beste edozein zuzendariren eskutan. Oraingo honetan, izatez harribitxia zen materiala izan du esku artean; ez du harri artean bilaketa egin behar izan, eta horrek tarte txikia utzi dio gaiari berezko ukitua emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.