Michel Bouvard
Egitaraua: XIX. eta XX. mendeko Frantziako musika.
Lekua: Donostiako Koruko Andre Mariaren basilika.
Eguna: abuztuak 6.
Basilikako organoa gaixo dugu. Duela hilabete batzuk istripu batek tresneriaren zati bat apurtu egin zuen, eta, nahiz eta konpontzea lortu, denon beharra du. Hamarkada luzeak daramatza goitik beherako berriztapen bat eskatu nahian, eta, gaur egun ekonomia aldetik garai txiroa bizi arren, Cavaille-Coll organo handi honen soinu altxorra distiratsu agertzen da. Bouvard frantziarraren eskuetan altxor honen lehengai guztiak urreztatuko zirela uste genuen, baina ahalegina hankamotz geratu zen.
Organo jotzaile baten errezitaldian ardura ez da bakarlariarena bakarrik; hor dira erregistroekin laguntzaile azaltzen diren musikari parea. Kasu honetan, Michel Bouvarden ikasleak ez ziren zuzen ibili, hanka-sartze gehiegi, pedala eta teklatuen arteko loturak Bouvard hanken zain eta jariakortasuna guztiz galduta. Cesar Francken Pieza Sinfoniko Handia-n etenaldi gehiegi sumatu ziren, erdiko pasartean gauzatzen den koralean pedala ozenegi agertuz eta espresibitatea lantzen duen pedala oldarkor erabiliz. Organoaren osasunari ezin erruak bota, Bouvard bera izan baitzen kontzentrazio esparruan galduta azaldu zena. Oro har, ulergaitz, oztopo askotxo eta esaldikapenen loturetan lotura falta larregi.
Louis Vierne-ren bi pieza txiki, Berceuse gustagarri, eztitsu eta xarmangarri eta Bouvarden aitonaren Preludioa entzun ziren jarraian. Hor Bouvard erosoago sentitu zen, aske, laguntzaileengan konfiantza areagotuz, eta teklatuen barrena txeratsu.Harmonia bikainak garatzen dituen Maurice Durufleren Veni Creator obrak kontzertu egoki bat biribildu zuen, osasunean erdi gaixo dugun organoari, gehiago espero genuen bakarlari bat txertatuz.
Kritika. Musika Hamabostaldia. Organo zikloa
Gaixo eta goibel
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu