Idazlea: Paula Carballeira. Ilustratzailea: Sonja Danowski. Itzultzailea: Manu Lopez Gaseni. Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka.
Hogeita bi bider hogeita bi zentimetroko album ilustratu hau irakurlea aho zabalik uzten duten horietakoa da.
Gerra gaitzat hartuta, liburu hau gerraren erabateko suntsipen aroaren ondoren bizitzak aurrera egiteko kemena nondik eta nola ateratzen duen erakusten saiatzen da, poesiatik hurbil dagoen adierazkortasun batekin. Izenburuak ere horixe iradoki nahi du, izugarrikerien aroa amaiturik, han eta hemen izpiak sortzen dira, belarra lur iraulian bezala, hasieran ikusgaitz eta herabe, keinuetan edota jarreretan lehenik, baina hor daude hasiera markatzen...
Testua laburra da, esaldi andana bat hogeita hamasei orrialdeetan sakabanatuta. Narratzaileak, kontaketako protagonistetako batek, lehen pertsonan eta era ia telegrafikoan agertzen du kontaketa. Berez, gertaerak azaltzen baino gehiago, egoera baten deskribapena bakarrik egiten du, baina garapen bat erakusten du ekintzen hurrenkeran eta fokuan jartzen dituen pertsonaietan.
Halere, album honetako kontaketan hitzek baino askoz ere garrantzi handiagoa dute irudiek. Ilustrazioak bi orrikoak dira, handiak eta ikusgarriak; arkatzez eginak diruditen ilustrazio hiperrealistak. Pertsonen erretratuak are errealistagoak dira, erretratugile bikain baten lana, inondik ere. Ilustrazioen atzeak eraitsitako etxeekin eta higatutako tresna eta objektuekin hornituta daude. Eta dena arkatz margoek irudiei eransten dieten lainozko giro horretan, errealitatea sare baten atzetik erakusten, lausoa baina benetakoa...
Liburua irakurrita, ordea, sentipen arraro batek hartzen zaitu. Nire ondoan zegoen haurrak «irudiak ederrak dira, baina istorioa tristea» esan dit eta horixe iruditu zait niri ere: Testuak badu gerratik, badu tristeziatik eta badu, beraz, gerraren gordinetik nahikoa. Irudiek, ordea, ez dute gerra bere horretan irudikatzen. Pertsonaien eta inguratzen dituen munduen artean arrakala handi bat dago. Euren aurpegiek ez dute sufrimendurik, bakea eta oparotasuna islatzen dute, tristezia zantzurik apenas ikusten zaien bisaietan. Eta kontraesan horren zergatiak pentsarazi egiten du.
Halako batasun ezaren arrazoia ezin da gaitasun falta izan, ilustratzaileak teknika zenbat menderatzen duen erakutsi digulako. Baina, orduan, zergatik halako marrazkilari iaio batek erabaki du pertsonaien aurpegiak testuinguruz kanpo ateratzea? Zergatik tentsio falta hori?
Guztietan sinpleena den azalpena irakurlearen izaeran datza. Alegia, haurrak ez izutzeko moduko irudiak egin nahi izan dituela Danowski ilustratzaileak, arestian aipatu irakurleak esan bezala, istorio triste bat irudi ederrekin hornitzeko.
Eztabaida daiteke, nola ez, gerraren gordintasuna «gozotzea» zilegi ote den, edota galdera oinarrizkoago bat, alegia, zilegi ote den haurren begietan gerra bere gordintasunean jartzea. Era berean, liburu honek gerrari zabaltzen dion atea ireki nahi ote dugun galdetu beharko diogu geure buruari. Edota zein adinetarako den liburu hau gomendagarria. Eztabaidaezina dena zera da: liburu hau bikainki egina dago.
Haur eta gazte literatura. 'HASIERA'
Gerra amaitu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu