Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Zuzendari Berriak

Gizona bere bakardadean

Beñat Eizagirre Indo.
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
'Carne de perro'

Zuzendaria: Fernando Guzzoni. Herrialdeak: Espainia, Frantzia, Alemania. Iraupena: 81 minutu.

Montrealgo jaialdiko sail ofizialean estreinatua izan zen La Colorina dokumentala, eta, Chilenos todos telesaila zuzendu ostean, lehenengo fikziozko lanarekin datorkigu Fernando Guzzoni txiletarra. Cinefondation erakundeak emandako bekari esker, hainbat hilabete eman zituen Frantzian gidoia prestatzen. El limpiador perutarra gogora ekar dezake jorratzen duen gaia kontuan hartzen badugu, baina istorioa antzekoa izan arren, tonua guztiz desberdina da. Film hartan bazirudien ez zela ezer pasatzen egunerokotasuneko ekintza errepikakorrek segurtasun sentsazioa eskaintzen zutelako, baina kasu honetan beldurra eta ezinegona nagusitzen dira. Une batetik bestera edozer gerta daiteke, eta, hortaz, erne egotera dei egiten digu atmosferaren eta soinu bandaren bitartez. Bakardadearen gaia jorratzen duenez, elkarrizketak urriak dira; publikoak interesa gal ez dezan, informazio dosia Alejandroren ekintzek ematen dute, hala ere. Egileak hautatutako filmatzeko moduak bere bakardadea areagotu besterik ez du egiten; planoan bera ageri ohi da une oro, eta bere ingurua ez zaigu erakutsi ere egiten. Gainera, arnas-estuka ageri zaigu hasieratik, eta bere bizitzan bakerik ez duela iradokitzen zaigu. Bere sentimenduak adierazteko arazoak ditu, eta, hortaz, indarkeriaren lengoaia ezaguna egiten zaio. Amorrua da momentu honetan eskain dezakeen gauza bakarra, eta arriskuaren mehatxua gailentzen joaten da narrazioak aurrera egin ahala; eta txakurra nola torturatzen duen ikusita, okerrena pentsatzen hasi beharrean aurkitzen gara. Eskola baten aurrean zelatan harrapatzen dugu bitan, eta argazkiek emaztea eta alaba bat dituela baieztatzen digute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.