Kritika. 73. Musika Hamabostaldia

Goi Glagolitikoa

Halle Orkestra eta Donostiako Orfeoia, joan den larunbatean. GORKA RUBIO / ARP.
Arkaitz Mendoza.
2012ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Halle Orkestra eta Donostiako Orfeoia

Zuzendaria. Mark Elder.

Bakarlariak. Giselle Allen, Madeleine Shaw, Dmitro Popov, Alexander Vinogradov.

Lekua. Kursaal auditoriuma.

Eguna. abuztuak 4.

Glagolitikoa ez da garai Paleolitikoa baino zaharragoa, ez, Leos Janacek txekiarraren meza musikatu handi bat baizik. Alfabeto zehatz bat da glagolitikoa, Moravia Handiko lehen ebanjelizatzaileek erabilitakoa. Ahoskeran eta kantaeran eslaviarrak ziruditen Donostiako Orfeoiko abeslariek, urteetan entzun zaien emanaldirik distiratsuena biribilduz. Bikain eratu zuten agerraldi bakoitza, tenore eta sopranoetan hurrengo belaunaldiko gazteria indartsu eta zorion handiz erakutsiz. Tenorrak ikaragarri polit, sopranoak ziur afinazio zailtasunetan, eta erritmo kontuetan ulergarritasun paregabea azaldu zuen abesbatza donostiarrak.

Janacek musikagileak eztandaz hornitu zuen partitura, uneoro ozen, goxotasun pintzelkadak ahaztuta. Tronpetakada basati horretan Mark Elder zuzendaria erne aritu zen haize instrumentuak orekatu nahian, nahiz eta bakarlarien kantatzea guztiz zapaldu bai Gloria bai Credo ataletan. Vinogradov baxuak merezimendu handiak egin zituen, ahots laukotean garaile bihurtuz. Battiwalla organista ingelesak marrazki bizidunetako soinua zekarren organo aparatu kaxkarrean denetarik erakutsi zuen, abilezia, teknika eta pedaleroan dantza saio ziztrina. Estresa, tentsioa, nekea eta ausardia erakusten duen Meza Glagolitikoa entzuteko aukera zoriontzekoa izan da, egunero dastatzen ez den partitura baita.

Meza ezezagun batetik obra ezagun batera abiatu gintuen Halle orkestrak. Hain entzuna, ikasia, aztertua eta interpretatua dugun Dvoraken azken sinfonia plazaratu zuen Elderrek, eta urrezko domina merezi zuen puntuaziorantz abiatu zen lehen mugimendu atalean. Haria sendo, klarinetea ameslari eta tronpak nagusitasun handian. Halere, sinfonia urtzen joan zen, Largo atala ziztu bizian interpretatuz eta azkeneko bi pasarteetan erritmo arazoak begibistan utziz. Zilarrezko sari altua lortu du orkestra ingelesak, urrezkoa gertutik ikusiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.