Kritika. Dantza

Gorputz makuludunak

Agus Perez.
2012ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
'bODY_rEMIX / les_ vARIATIONS_gOLDBERG'

Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Data: Maiatzak 4.

Montrealgo (Quebec) Marie Choiunard konpainiak bisitatu gaitu asteburuon, eta horri esker ezagutu dugu koreografoaren estilo aratz paregabea, gorputzen poetikaren esplorazioan eta goi mailako estetika landuan oinarritzen dena.

bODY_rEMIX / les_vARIATIONS_gOLDBERG izenburu nahasiak ondo baino hobeto adierazten du hona ekarritako lanaren funtsa, koreografiaren diseinua hura bezain konplexua izan delako eta Louis Duforten soinu-banda gozogabeak —Variations sur les variations— Bachen Goldberg bariazioak omen dituelako abiaburutzat, urrun-urrunean bada ere.

Gizakion ibileran lagungarriak izan daitezkeen makulu, protesi eta era guztietako euskarriak baliatu ditu lan honetarako Chouinardek, arnesak, gurditxoak eta bulego-aulkiak barne. Eta, era berean, deigarria izan da puntetan dantzatzeko zapatilak oin bakarrean, esku batean edota lau gorputz-adarretan jantzi izana, horrela azpimarratuz dantzari guztien teknika bikaina eta giza mugimenduan eragindako efektua.

Piezako beste osagai nagusia jantzien diseinua izan da, arropak albo batera utzita, uhal zuriek eta beltzek inguratu dituztelako gorputz ia biluziak, gizonen giharrak eta emakumeen liraintasuna nabarmenduz. Izan ere, jantzien diseinu ausarta funtsezkoa izan da gorputzen fisikotasuna muturreraino eramateko, gizakiaren sexu-izaera ia esplizitu eginez irudi eta eszena askotan.

Hala ere, soinu-bandaren erabateko laztasunak eta koreografiaren zatikatze etengabeak idortasun sentsazioa sortu dute behin baino gehiagotan, baina irudi dinamiko askoren edertasunak eta pasarte batzuetan sortutako artegatasunak salbatu dute lanaren jite berezia.

Pausaren osteko pieza, berriz, aurrekoaren ildo beretik joan da, nahiz eta une batzuetan are argiagoak izan diren sado-maso leuneko estetika eta erotismo kutsua. Bigarren zati honetan, ordea, agerikoak izan dira lanaren egitura falta eta alferrikako luzamendutan ibiltzeko nahia, eta, bide horretatik, ezerezean geratu da lehen atalean eraikitako ia guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.