'Animal'
Konpainia: Daniel Abreu. Lekua: Donostiako Gazteszena. Eguna: Apirilaren 21.
Daniel Abreu koreografoa 2008an egin zen ezaguna gurean, Ojos de pez zoragarri harekin, eta oraingoan Animal izeneko lanarekin bisitatu gaitu Donostiako Gazteszenan, futbolaren eraginetik ihes egindako zaletu askoren aurrean.
Emanaldia isil-isilean hasi da, eta argia leunki eta astiro piztu denean neska bat ikusi dugu taula gainean, ia biluzik, kulerotan, ile-adats luzea zela bere edertasunaren apaingarri bakarra eta lehen gizonaren agerpenarekin batera apurtu da erabateko isiltasuna. Orbel itxurako zati txiki sakabanatuek zoruaren zuritasuna apurtzen zuten eta goitik eskegita hiru zuhaitzen sustraiak izan zitezkeenak ikusten ziren, irudikatuz-edo lur azpiko eremu ezezagun batean aurkitzen ginela.
Gizona fisikotasun handiz mugitu da behegainetik, neskak makila bat zeramala esku batean eta, tarteka-marteka, beste neska batek zeharkatu du eremu eszenikoa, takoi gorriak, bularrak agerian eta buruan luma zuriak janzten zituela. Paisaia estrainio horren edergarri, soinu-bandak naturatik ateratako hotsak, perkusio pasarte indartsuak eta piano nota errepikatuak batu ditu, isilune luze eta sakon batzuekin batera.
Izenburuari jaramonik eginez, presentzia nabaria hartu dute emakume zein gizonezko gorputz biluziek, eta pasarte batzuk inspirazio handikoak izan dira, batez ere lau hankatan jarritako bi gizon biluzik mugimendu mekaniko ziklikoak burutu dituztenean eta neska bat haietariko baten azpitik, eskegita edo gainetik ibili denean. Eszena erotismo leunetik hurbil ibili da, baina badirudi koreografoak nahiago izan duela haren iradokitze ahalmena maila oniriko soilean utzi.
Emanaldian zehar pasarte horren kalitate bereko beste batzuk etorri dira, konpainiako dantzari guztien mugimendu-kalitate bikainak lagunduta, baina zoritxarrez, beste batzuetan ezerezean amildu da sortzailearen barne-mundua, eta loturarik gabeko atal epelak han-hemenka tartekatu dira. Gauzak horrela, proposamenak ez du beti erakutsi Abreurengandik espero zen sendotasuna, eta zenbait momentutan zentzugabea iruditu zaizkigu gorputz biluzien erakustaldia eta, are gehiago, frikie estetikari egindako kontzesio laburra.
Kritika. Dantza
Gorputzekin bueltaka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu