Kritika. Musika

Gorrak bagina...

Arkaitz Mendoza.
2012ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Andrei Boreyko. Abesbatza: Iruñeko Orfeoia. Egitaraua: L. Ondarraren Padre Nuestro, G. Faureren Requiem-a, eta J. Brahamsen 2. Sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Urriak 1.

Gabriel Faure musikagilearen Requiem-a musikaren historian idatzi den obrarik zerutiarrena da. Obra delikatu, fina, goxo kantatu beharrekoa. Tentsio aproposa du nota bakoitzean, eta fraseatze bakoitzak amaiezina dela dirudi. Erraza dirudi, baina jakinduria handia eskatzen duen obratzarra da. Obra goren honek interpretazio ezin txarragoa izan zuen. Duela hilabete batzuk Ludwig van Beethovenen Missa Solemnis hain ondo kantatu zuen abesbatza berberak Faure guztiz suntsitu zuen. Lekuz kanpo, kolpeka, esaldikapenak hautsita, melodiaren nondik norakoa galduta, tenorrak sentiberatasunik gabe, sopranoak auskalo nongo afinazioan... Oro trakets eta makal. Euskadiko Orkestra eta Andrei Boreykoren asmoak zilegizkoak izan ziren, zama handiko pasarteak —hara hor Libera me— melodia hutsal eta arinez inguratuta dauden —Offertoire— atalekin tartekatu zituzten, kontzertua duintasunera bideratzeko asmotan. Halere, xedea ezerezean geratu zen.

Musika honetan hain garrantzitsua dena ere, organoaren partaidetza, negargarria izan zen: organo jotzailea galduta, berandu, hari taldea eta abesbatzaren arteko loturan desagertuta. Arantza Ezenarro sopranoa ez da inondik inora Faureren Requiem bat lantzeko hautatu beharreko ahotsa. Kalitate handiko sopranoa izan daiteke, baina ahots handi eta bibrato horrekin ezin Giuseppe Verdiren musika zirudien Pie Jesu bat baietsi. Gaizki, rol hau onartzeagatik, eta, gaizki, goiko agintariak musikaria aukeratzeagatik. Eserlekuan geldigaitz nenbilen, ezin horrelako musika proposamenak onartu, entzuleak ez gara gogorrak. Hildakoak omendu behar dituen interpretazio honek bizidunak akabatu zituen. Merezitako txaloa Jose Antonio Lopez baritonoarentzat, Libera me duin bat oparitzeagatik. Beste dena azkar ahaztu beharreko amesgaizto bat izan zen. Boreykok Johannes Brahmsen 2.Sinfonia gozagarri bat eskaini zigun amaieran, azkeneko bi atalei zuku handia atereaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.