'Romeo eta Julieta'
Konpainia: Genevako Antzoki Nagusiko Balleta. Koreografoa: Joelle Bouvier. Lekua: Kursaaleko auditoriuma. Eguna: abuztuak 21.
Romeo eta Julieta, gorrotoak itotako maitasun kondaira. Elkarri gorroto dioten bi sendiren indarkeria itsuak hondatu duen maitasuna; lehiakide errukigabeak, elkarren kontrako familietako kide izate hutsagatik sortutako borroka odoltsuak hondatutako maitasuna. Gaur egun zenbat gerratek errepikatzen dute Shakespeareren tragedia hau? Horregatik, Joelle Bouvier koreografoak ez du garai jakin batean kokatu nahi izan Romeo eta Julietaren istorioa, kontaketa bera etorkizunean edonon gerta litekeelako. Shakespeareren lanaren tramak barneratzen dituen xehetasun guztiak ez dira azaltzen agertokian, maitasun eta gorrotoaren inguruan garatzen diren esparru konkretuak sakontzen baititu koreografo suitzarrak.
Nolabaiteko abstrakzioarekin ekartzen ditu gogora Veronako maitaleen gorabeherak Genevako ballet taldeak. Bikoteak bizi izan zituen pasadizoen kutsu bitxia eta historikoak ez du garrantzi handirik Bouvierrek planteatuko lanean, fabula horren unibertsaltasuna indartzeko premia sentitzen baita ikuskizun osoan. Horretarako, beso eta besaurreetan oinarritzen diren mugimenduaksakontzen dira emanaldian, maitale haien kondairaren maitasuna alde batera utzita eta kondairak dakarren barne gorrotoa zuzenki agortuz, ikuslea itotzeraino.
Damiano Artalek Romeoren rolean eta Madeline Wong -ek Julieta gisa, lan ikaragarria egin zuten, gorputzen pisuekin jolas harrigarriak irudikatuz, batzuetan indar handiko higidura azkarrak eta bestetan pisurik gabeko erorikoak oholtzan zehar.
Maitasuna eta gorrotoa betiere hurbil ditugu amodio kontuetan, eta honetan ere montagutar eta kapuletarren arteko gorrotoa itolarrian sentiarazi ziguten dantzari suitzarrek.
Donostiako 72. Musika Hamabostaldia. Kritika
Gorrotoak itota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu