Kritika. Musika. Donostiako 47. Jazzaldia

Handia, eta Kubaren itzala

2012ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Ninety Miles eta Al Di Meola & Gonzalo Rubalcaba.

Lekua:Trinitate plaza.

Eguna: uztailak 21

Itzela Al Di Meolaren gitarra soinua, ikaragarria teknikoki eta espresiboki. Munduko gitarra jotzaile onenetariko baten aurrean gaude, inongo zalantzarik gabe. Jazzetik erabat aldendu gabe, munduko musiketara zabaltzen ditu ateak World Sinfonia izeneko asmo berri honekin. Horretarako, Peter Kaszas bateria jotzaile errusiarra, Fausto Becculossi soinu jotzaile italiarra, Kevin Siddiki gitarra jotzaile frantsesa eta bikote gisa Gonzalo Rubalcaba piano jotzaile kubatarra ditu lagun.

Exijentzia handiko musikaria dugu Meola, eta halaxe erakutsi zuen kontzertuan hasiera-hasieratik, teknikariekin haserre egon baitzen, ez zutelako asmatzen berak eskatutakoa betetzen. Eta petralkeria energia bihurtuz, sendo eta grinatsu egon zen gitarrarekin, Piazzolaren doinuak jo arte; orduan, gozotasuna eta irribarrea azaldu zuen. Baita bere solo-an ere, kexaren bat kenduta, gustura eta patxadaz ekin zion musikari.

Fausto Beccalossi soinu jotzaile italiarrak sekulako originaltasuna eta edertasuna erakutsi zuen. Gonzalo Rubalcaba piano jotzaile kubatarrak musikaren fintasunarekin dantzatu zituen atzamarrak taldean ari zenean, eta kubatar habanera klasikoen xarma azaldu zigun bakarlari gisa, musikari bikaina dela erakutsiz. Gogoz jardun zuen Al Di Meola jaunak, musikaren nota guztiak erlojuen piezek behar duten zehaztasun berberarekin lotuz. Oraindik sasoian dagoela erakutsi zuen, eta baita bere lagun musikariek ere. Entzuleok, berriz, Mundu Sinfonia Al Di Meolaren batutaren eta gitarraren eskutik plazer handiz entzuten.

Larunbat gaueko kontzertua Ninety Miles izeneko egitasmoarekin hasi zen. Ninety Miles, 90 milia. Hori da Kuba eta Miamiren arteko distantzia, 140 kilometro gutxi gorabehera.

Stefan Harris bibrafono jotzailea, David Sanchez saxo jotzailea eta Nicholas Payton tronpeta jotzailea. Hiru taldeburuak Edward Simon piano jotzailearekin, Ricky Rodriguez kontrabaxu jotzailearekin, Terreon Gully bateria jotzailearekin eta Mauricio Herrrera perkusio jotzailearekin aritu ziren.

Kubaren itzala hemen ere. Mauricio Herrerak kongak astindu zituen, eta yoruberaz abestu zuen erritmo aldaketa bereziak eginez. Karibeko misterioa zabaldu zuen. Ondorengoak Kubaren itzala izango zuen, baina musika afroamerikarra zen, eta musika bikaina. Oholtza gaineko musikari trebeek gertutasuna erakutsi zuten, baita umorea ere, baina, batez ere, egungo jazzaren ibilbidearen dohainak eta, akaso, kezkak. Harrisek, bi bibrafonorekin, Lionel Hampton handia ekarri zidan gogora. Payton tronpetarekin sekulako lana egin zuen, eta David Sanchezek bere saxoaren bihotza agerian jarri zuen. Teknikoki bikainak dira; sasoiko musikari horiek badute oraina, eta nago ni etorkizuna ere izango dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.