Kritika. Dantza

Hans van Manen gaua

Agus Perez.
2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
'Gaël Domenger eta Dutch National Ballet'

Lekuak: Miarritzeko Colisee eta Gare du Midi Antzokiak.Eguna: Irailak 7.

Maitaldiaren lehen egunean Colisée aretoan aurkeztu da Dans la lumière de la Lune, Gaël Domenger koreografoa izanik eta Errusiako Sverdlovsk eskualdeko balleteko dantzariek interpretatuta. Bitxikeria da jakitea piezako musika Prokofiev handiaren bilobak konposatua dela, baina kontua da Gabriel izeneko hau aitatxiaren ildo beretik joan dela gehienbat, techno, fusion eta jungle apur batzuk tartekatuz, horrek erabateko abstrakziorantz inklinatu baitu lanaren planteamendua.

Domengerrek konplexutasun handiko koreografia batean konbinatu ditu Ekaterinburg aldeko dantzariak, ikusleen arreta zangoen airetiko ibilbideetan eta besoen jarrera ederretan zentratuz. Ordea, musikaren dramatikotasunak, agertokiko pareten biluztasunak eta argien zuritasunak are latzagoa bihurtu dute proposamena, eta dantzarien esku geratu da partituraren gogortasuna gozotasun tanta batzuekin zipriztintzea.

Herbeheretako Ballet Nazionala izan da jaialdiko lehen konpainia handia, eta Hans van Manen koreografoari eskaini diote egitarau osoa. Van Manenek laurogei urte bete ditu aurten eta egitarauko lehen pieza —Grosse Fuge— 1971n sortu zuen, lan harekin frogatuz dantzarako aproposa izan zitekeela Beethovenen musika. Antzinako erritual kutsuko maisulan honek ariketa atletikoak eta folklore ukituak tartekatzen ditu, eta hasiera batean harrigarria egin zaigu piezako gizonen indar erakustaldia eta emakumeen muturreko finezia. Baina proposamenak gizon eta emakumeen arteko harreman primitiboa aztertzen du, eta bere ausardiarik gorenera heldu da emakumeak jolas erotiko batean murgildu direnean, gizonen gerrikoetatik helduta eta zorutik arrastaka ibilita.

Hala ere, Variations for two couples piezan atzeman dugu Van Manen mezuaren muina, bera etorri arte ikusiak ez genituen gizatasuna eta gaurkotasuna eman baitizkio ballet klasikoaren pausoei, dantzariak adagio baten sakontasunean mugiaraziz, dotorezia eta leuntasuna nagusiak zirela. Izan ere, pieza horrekin jo du zirrarak goia, grabitaterik gabeko tangoa etorri denean, Astor Piazzolaren musikarekin eta argi urdin metaliko baten pean.

Jarraian etorritako Solo pieza beharrezko divertimento polit bat izan da, Bachen biolin zoro baten konpasek gidatua, eta azkenik, Frank Bridge variations lanak ekarri dio urrezko amaiera gaualdiari. Brittenek idatzitako izen bereko suitea dramatikotasun handikoa da, eta koreografiak gizakiaren berezitasunak esploratzen ditu, dantzarien energia, zehaztasuna eta mugimendu garbitasuna erabiliz eta edertasunaren mugak are urrunagorantz eramanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.