72. Musika Hamabostaldia. Kritika

Hatz finak

Jon Urdapilleta. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Arkaitz Mendoza.
2011ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Jon Urdapilleta

Lekua: Donostiako Miramar jauregia. Eguna: abuztuak 22.

Mirakulua dirudi, baina ez: 14 urteko pianista batek estreinakoz errezitaldi bat eman du Musika Hamabostaldian. Donostian ikasia da Jon Urdapilleta, eta zailtasun handiko obrak aukeratu zituen egokiera honetarako. Ikusmin handia piztu du kontzertuakazken asteotan, eta entzuleen etengabeko txutxu-mutxua bilakatu da: 14 urte, harrigarri, nola joko ote du pianoa? Erantzuna berehalakoa da: urtetan gure artean azaleratu den etorkizun oparoko musikaririk txundigarriena dugu Urdapilleta.

Pianoa jotzeko duen eran ezaugarri bat nagusitzen da besteen aldean: teknika zitala. Hatz finak, gihartsuak, obren pasarte zailetan uzkurtu beharrean garaile irteten diren horietakoak. Bachen Preludio eta Fuga-n pianoari ateratako soinuan bereizgarri handirik ez genuen topatu, lehor eta tinkoa. Kontzertu hasierako lehen notak ziren, eta Haydnen Hob. XVI 52 Sonata-n erosoago sentitu genuen eskalak gora eta behera jorratzean. Aurpegiz serio, kontzentrazioz bikain eta bere aurrean maldan gora zetorren erronkari aurre egiteko prestatuta zegoela sentiarazi zigun. Granadosen Allegro de Concierto-n teknika erakustaldi harrigarria garatu zuen, eta sentiberatasuna pixkanaka agerian azaltzen hasi zen.

Hain gainezka duen musika esparru teknikoak Urdapilletaren interpretazio guztiak biribiltzen ditu, baina soinuaren tratamenduan fintasun eta gozotasun uneak uztartzeko ditu gazteak. Hortaz, Griegen Sommerfugl pieza laburrari keinu egin ondoren, Chopinen munduan barneratu zen mutikoa. Edozein pianistak izerdi patsetan interpretatuko zituen pasarte deabrutsuak erraztasun ikaragarriz desegin zituen Urdapilletak. Hala ere, melodiaren garapenean askatasun eta kantatze lasaia garatu gabe ditu, hain txundigarriak diren hatz horiek arnasa egokian sentiarazteko. Liszten 11. Rapsodia hungariarra-k errezitaldi bikain bat biribildu zuen, Urdapilletaren dohainak etorkizuneko urrats oparo izango direla frogatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.