'Court miracles'
Konpainia: Le Boustrophedon.
Lekua: Gasteizko Principal antzokia.
Eguna: azaroak 10.
Euskal Herriko lehen emanaldia Barakaldon eman ostean, Gasteizko jaialdian ikusi dugu Le Boustrophedon konpainiaren Court miracles. Okzitaniako Tolosan dagoen Zirkuko Arteen Zentroan jarduten dute taldeko kideek, eta Palestinatik egindako bira batean proiektatu zuten errefuxiatuen eremuez hitz egiten duen lan hau.
Argumentua, hala ere, ez da bereziki zentratzen Ekialde Hurbileko gatazkan, eta bai dekorazioak bai jantziek munduko edozein gerratan kokatzen gaituzte, nahiz eta, aro bat hautatzekotan, lehen mundu-gerraren itxura nagusitzen den, subliminalki bada ere. Errefuxiatuen bizimodua da lanaren oinarria, baina konpainiak umorea baliatu du errekurtso nagusitzat, jakinik halako egoera dramatikoetan umorea dela bizirik irauteko helduleku bakarra, eta muturreko bizipen latzek ere gizakionganako fedearen akuilua izan daitezkeela.
Horrek guztiak, baina, jakituria eszeniko ikaragarria eskatzen du, eta Le Boustrophedoneko kideek ez dute ahaleginik alboratu esandako xedeak gauzatzean: elementu xume baina esanguratsu batzuekin irudikatu dituzte errefuxiatuen etxolak, zirku eszenikoko teknikak ezin hobeto baliatu dituzte —bereziki malabareak, patinajea eta kable gaineko oreka— eta, beste ezeren gainetik, erabateko maisutasunez sortu eta maneiatu dituzte pertsonaiak irudikatzen dituzten panpinak.
Izan ere, gainontzeko guztia bikaina den arren, panpinen erabilera sormentsua dugu muntaia honetako alderik nabarmenena, eszena askotan fusionatu egiten direlako benetako aktoreekin, ezinezko dimentsioak dauzkaten pertsonaia berriak gorpuzteko. Beste protagonista batzuek, ordea, beso edo hanketako anputazioak dituztela irudikatzen dute, baina horrek ez die eragozten zigarreta bat lagun besobakar biren artean biltzea edota eremuko zaindariaren kontrola aldian behin saihestea.
Miserableen ezinbesteko adiskideak izanik, arratoi irakatsiak ere agertu dira emanaldian zehar eta, gainera, pianista batek girotu du hitzik gabeko ikuskizuna. Hitzak soberan daudelako bihotzetik hitz egiten denean.
Kritika. Antzerkia
Helduleku bakarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu