Zinema. Estreinaldiak

Heriotza eta galerarekin esperimentatzen

'Sueño y silencio' Jaime Rosales zuzendariaren laugarren film luzea da; ezohikoa beste behin

Sueño y silencio-ko protagonistak, filmeko  eszena batean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Egungo zinemagintzaren sortzailerik interesgarrienetakoa da Jaime Rosales kataluniarra. Filmografia labur eta interesgarria du; bere filmetan baliabide tekniko eta narratiboekin esperimentatzea gustatzen zaio, eta jolas horretatik atera ohi den emaitza ez da izaten ohiko film bat. Hori dela eta, haren lanek muturreko jarrerak eragin ohi dituzte, eta hainbatek ezin du jasan haren estiloa; beste askok, berriz, irrikaz egoten dira haren lan berriaren zain.

Film laburretan lan deigarri batzuk egin ostean, 2003an egin zuen salto formatu luzera. Lashorasdel día film ilun, gordin eta harrigarria izan zen, hiltzaile baten egunerokotasun hitsa hoztasun handiz kontatzen zuen istorio lazgarria. Alex Brendemuehlek egin zuen Abelena, amarekin bizi den dendari ustez lasai eta metodikoa. Lehen film horrek atentzioa eman zuen Cannesko zinemaldian, eta kritikaren saria irabazi zuen.

Handik lau urtera ailegatuko zen zuzendariaren orain arteko filmik arrakastatsuena: La soledad. Ezustea eman zuen hiru Goya sari irabazita —zuzendari, pelikula eta aktore berri onenarenak—, hori ere nahiko film esperimentala baitzen. Izan ere, bi emakumeren egunerokoa filmatzeko orduan, Rosalesek polivisión delako baliabidea erabili zuen, pantaila erdibitzen duen teknika.

Dena den, bigarrenarekin jasotako sariek ez zuten itsutu kataluniarrabere bidean. Hirugarrenerako, polemika ziurra eragin behar zuen gai arantzatsu bat aukeratu zuen: euskal gatazka. Eta bere adierazpiderik gordinenean egin zuen: Tiro en la cabeza lanean 2007an Capbretonen hiru etakideren eta bi guardia zibilen arteko tiroketa eta haren ingurukoak jaso nahi baitzituen. Berriro ere, bide esperimentala aukeratu zuen Rosalesek. Objektibo luzeen bidez egina dago, eta dokumental bat balitz bezala, gertaera horren protagonistetako baten egunerokoa jaso zuen.

Filma 2008ko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, eta espero zen moduan, epelak entzun behar izan zituen Rosalesek. Kritikari espainiar gehienek ez zuten batere ongi hartu, esperimentalegia zela eta, gainera, gaiarekiko gehiegizko distantzia hartu izana leporatu zioten.

Tiro en la cabeza egin ostean, atsedenaldi zinematografiko luzea hartu zuen. Patxadaz prestatu du bere laugarren filma, Sueño y silencio, zeina berriki Cannesko errealizadoreen hamabostaldian aurkeztu duen. Lau urteko bitarte horretan, Wang Bing zuzendariarekin izan duen korrespondentzia zinematografikoa izan da utzi digun ikus-entzunezko material bakarra.

Barcelorekin elkarlanean

Izenburuak iradokitzen duen moduan, Sueño y silencio heriotzaren ingurukoa da. Bikote bat da protagonista: gizonezkoa, espainiarra; emakumezkoa, frantziarra. Bi alaba dituzte, eta Aragoi aldean egiten ari diren bidaia batean auto istripu bat izanen dute. Horren ondorioz, alabetako bat hil egingo da, eta bestea koman geldituko da. Aitak ere nozituko ditu istripuaren ondorioak, amnesia mota berezi bat izanen du, eta ez da akordatuko alabetako bat hil dela.

Beste behin, formetan ezohiko pelikula egin nahi izan du zuzendariak. Hasteko eta behin, zuri-beltzean filmatu du Rosalesek. Horretaz gain, aktoreek ez zuten inolako elkarrizketarik jaso pelikularen gidoian. Filmatzen hasi behar zutenean jakiten zuten zein zen egoera, eta hortik aurrera, inprobisatzen hasi behar zuten. Azkenik, hori filmatu eta jaso, harraldi bakarraren aldekoa da Rosales. Bere laugarren film luzean luxuzko kolaboratzaile bat izan du: Miquel Barcelo artista.

'SUEÑO Y SILENCIO'

Zuzendaria: Jaime Rosales.

Aktoreak: Yolanda Galocha, Oriol Rosello, Jaume Terradas, Laura Latorre, Alba Ros Montet, Celia Correas.

Herrialdea: Espainia.

Urtea: 2012.

Iraupena: 120 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.