Kritika. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXII. Astea

Herri madarikatua

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
'Lobos de Arga'

Zuzendaria: Juan Martinez Moreno.

Herrialdea: Espainia.

Iraupena: 102 minutu.

Sitgesko sail ofizialean estreinatu ostean Donostiara ailegatu da Juan Martinez Morenoren lan berria. Likantropoaren edo gizotsoaren mitoaren bertsio barregarri eta dibertigarria egin du oraingo honetan, eta Gorka Otxoa eta Carlos Areces aktore ezagunen presentziarekin barre algarak ziurtatuta daudela ez dago esan beharrik. Fantasia ukituak dituen komedia zoro bat da, eta umore beltzari esker, eszena harrigarri eta zentzugabeez gozatzeko aukera izango da. Lobos de Arga filmak entretenitzea du helburu, eta istorio landu eta konplexu bat aurkitzea espero duenak hobe du etxean gelditu. Pentsamendu kritikoa une batez alde batera uztea gomendatzen da, topikoz betetako film honen aurrean. Herriaren eta hiriaren arteko dialektika zaharra primeran datorkio zuzendariari, herritarren lepotik barre egiteko, eta zoofiliaren inguruko txisteak ez dira faltako, noski. Duela 100 bat urte Arga herrixkako markesa ijito batekin oheratu zen, eta haurdun zegoela konturatu zenean, ijitoak akabatzeko agindua eman zuen. Haren senarrak umearekiko zalantzarik eduki ez zezan egokiena ijitoak desagerraraztea zela pentsatu zuen, baina ijitoaren emazteak emakumea madarikatu egin zuen hil aurretik. Tomas (Gorka Otxoa) Madrildik herrixkara itzuliko da herritarrek egin nahi dioten omenaldian parte hartzeko asmoz, baina ezin imajinatu dezake han topatuko duena. Omenaldian berau izango baita Jainkoari eskaintzen zaion oparia. Espainiako zinemagintzan generoko filmak ez dira amerikarrenak bezain onak, baina azken urteotan gauzak aldatzen ari direla dirudi. Zientzia fikzioa, beldurra, fantasia, thriller-a eta halako generoetan emaitza onak lortzen ari dira, eta ikus-entzuleak film horiek ikusteko irrikaz daude. Generoko zinemaren loraldia Alex de la Iglesiari zor zaiola uste du Jaume Balaguero REC sagaren egileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.