'War Horse'
Zuzendaria: Steven Spielberg. Aktoreak: Jeremy Irvine, Emily Watson, Peter Mullan.Herrialdea: AEB. Iraupena: 146 minutu.
Ezaguna da Steven Spielbergen joera bipolarra. Zuzendari zein ekoizle lanetan, komertziala, konbentzionala eta kontserbadorea izaten ahal da estatubatuarra. Tarteka, ordea, irudimena libre utzi eta merkatuaren morrontzak baztertuta, bere alderik sortzaileena eta pertsonalena erakutsi ohi du.
Bigarren Spielberg horrekin izugarri disfrutatu dugu azken 40 urte hauetan. Hor dira, buruz eta ordenarik gabe, Indiana Jones guztiak, Duel, Jaws, Close Encounters of the Third Kind, Empire of the Sun, Minority Report, Artificial Intelligence, Munich, Catch Me If You Can... Zuzendari handi batek utzi duen filmografia emankorraren ale bikainak, ahaztu gabe ekoizle lanetan sustatu dituen hainbat lan ezinbesteko.
War Horse-n, baina, lekutan dago zinemagile interesgarri hori. Pelikula berrian haren alderik bigun eta eztiena agertuko zaigu, hainbat momentutan ia lotsagorritzeraino. John Ford izatera jolastu da Spielberg, bereziki pelikularen lehen atalean, baina hori lortu ez, eta film aspergarri eta luzea da ahalegin horretatik atera zaiona.
Pelikulak aurretik agintzen duena ematen du, eta ezin zaio zintzotasun falta leporatu: zaldi baten eta haren jabearen ibilerak Lehen Mundu Gerran. Filmaketa txukuna da; alde horretatik ezin erreparorik jarri zuzendariaren lanari. Izan dituen baliabide mugagabeak ongi erabili ditu, eta Xabier Montoiaren Hezur gabeko hilak irakurtzean egin genuen moduan, Gerra Handiaren lokatzetan zikinduko gara, baina hortik harago ez da deus. Hara-hona ibiltzen den zaldi mertzenario baten kontaera tristea da War Horse, interesik gabekoa. Alderdi epikotik ere ezin da goraipatu protagonista, ez da heroi bat, han eta hemen bizitzera moldatzen den animalia arrunt samarra baizik. Hasieratik sinetsarazi nahiko zaigu animalia berezia dela, baina omen dituen dohain berezi horiek ez dira inondik ageri.
Nonbait, leku eta testuinguru guztietan pertsona onak izan badirela esan nahi digu War Horse-k. Horretara dator bi soldaduk zaldia salbatzeko eginen duten sekuentzia tristea, filmaren mailarik eskasena erakutsiko duena. Hortik aurrera espero zitekeen bakarra, amaiera zoriontsua eta familiaren balioen aldarrikapen zahar-berria.
Kritika. Zinema
Hezur gabeko zaldiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu