Kritika. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea

Hil edo bizi

Sotoan babestutako iheslariak, Xavier Gensen The Divide filmean. Z / BERRIA.
Beñat Eizagirre Indo.
2011ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
'The Divide'

Zuzendaria: Xavier Gens.

Aktoreak: Lauren German, Michael Biehn, Milo Vemtimiglia, Courtney B. Vance, Ashton Holmes, Rosanna Arquette. Herrialdea: AEB.

Iraupena: 112 minutu.

Xavier Gens zinemagile frantziarrak zuzendutako thriller psikologiko apartak Sitgesko jaialdian makillaje onenaren sariarekin konformatu behar izan du, baina argi dago pelikula onenaren garaikurra lortu balu ikusle asko epaimahaiaren erabakiarekin ados ziratekeela. Orain arte ikusitako filmik onena da, inongo ezbairik gabe. Zoragarria eta ikaragarria benetan. Talde osoak lan bikaina egin duela aitortu behar da, eta ikus-entzuleak ikuskizunaz gozatu besterik ez du egin behar. Eseri eta gozatzea da jendeak egin behar duen gauza bakarra. Teknikoki paregabea da, baina istorioa da lanaren arrakastaren arrazoia. Bestetik, argazkiaren trataera dotorea dela ezin uka daiteke, baina edukia da pelikulak duen bertuterik handiena. Istorioak bete-betean harrapatzen zaitu hasieratik bertatik. Oilo ipurdia eragiten duen film baten aurrean gaude, zalantza izpirik gabe. Zineman mila aldiz imajinatu izan den apokalipsia du hizpide, eta apokalipsiaren ostean gertatuko litzatekeenaren bertsio bat eskaini nahi izan digu egileak. Apokalipsia egia agertzeko unea da, eta egia hori beldurgarria eta itsusia da, ez baitu giza espezieaz gauza onik esaten. Auschwizko sarraskiaren ostean gizakiaren izenean ereserkirik konposatzea ezinezkoa litzatekeela baieztatu zuen Adornok. Arteak ezingo luke gizakiaren duintasunaren inguruan ezertxo ere esan. Isilik geratzea litzateke egokiena. Darwinismoa nagusi den gizartean animaliak besterik ezin daitezke ugaldu. Gizarteko arauak indargabetzen direnean, homo sapiens-a lurretik ezabatua izango da, eta basapiztiak besterik ez dira geratuko. Gizabanakoa edozer egiteko prest dago bizirik irauteko, eta unea iristen denean egin beharrekoa egin egingo du. Morala, maitasuna, adiskidetasuna… ez dira existitzen norberaren bizia arriskuan dagoenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.