Donostiako 72. Musika Hamabostaldia. Kritika

Igurtzi bortitzak

Nikolai Luganski piano jotzailea. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Arkaitz Mendoza.
2011ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Nikolai Luganski
Egitaraua: Frederic Chopin eta Franz Liszten zenbait obra.
Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia.
Eguna: Abuztuak 9.


Sekulako errezitaldia Luganskik eskainitakoa, pianoaren erromantizismo garaiko bi izen handiekin batera: Chopin eta Liszt. Lehenengoa leun, sotil, igurtziz josia, aske eta hegalari; bigarrena, aldiz, intentsu, eragile, urguri eta betiere uholdeka. Pianoaren baliabide teknikoak guztiz garatu ziren bi konposatzaile hauen presentziarekin, pianoa guztiz zabaldu baitzen teklatuan barrena, soinu koloreak bikoiztuz eta pedalaren erabilerari garrantzi zuzen eta finko bat txertatuz. Honela, Luganskik bi otordu bereizgarri eskaini zizkigun: hasierako Chopin zalantzatsu, askeegi, soinuaren distiran ilun samar apropos eta amaierako Liszt argitsu, lotsagabe, zuzen, iraingarri.

Izaera bereziko piano jotzailea dugu Luganski, prentsaurrekoetan hitz motzekoa eta eszenatokian hitzak musika hornitzean guztiz basatia. Esan bezala, hasierako Nokturno op.15 eta Barkarola bera ere jariakortasunik gabe sentitu ziren, errezitaldian barrena murgildu arte edozeinek behar dituen lehen urratsak balira bezala. Preludio op.45-tik azken 4.Balada-ra arte garapena sekulakoa izan zen, erpuruarekin interpretatzen diren barne ahotsak zabaltzen hasi eta Chopin hegalari bat azaldu zigun Luganskik. Hara hor azken bi izar printzak: Nokturno op.27 eta esandako 4.Balada. Azken honetan ezbehar txikia agerian: kolazko pianoaren hari bat hautsi egin zen, sekulako intentsitatearen seinale; halere, apurtutako haria guztiz kendu zuten etenaldian, Liszti bidea emanez.

Liszten musikan poesia sekulako garrantzia duen ñabardura da. Vallée d'Obermann obran «nor naiz ni, noruntz noa, zein da nire egitekoa» poesiaren hitzek drama handiko pasarteak eransten dizkio musikari. Luganskik zentzuzko interpretazio duin batez apaindu zuen hitzen zorigaitza. Erosoago sentitu zen Liszten partituretan, arpeggioak gora eta behera, eskala deabrutsuak, teknikaren azken mugak begi bistan, intentsitatea gorantz eta Luganski osotasunean murgilduta, askotan ito larrian sentituko balitz bezala, arima urtuz eta igurtzitik bortizkeriara abiatu zen errezitaldia biribilduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.