'Shesh Peamin / Six Acts'
Zuzendaria: Jonathan Gurfinkel. Herrialdea: Israel.
Iraupena: 100 minutu.
Jonathan Gurfinkelen Shesh Peamim / Six Acts opera primak irabazi du Beste Begirada saria. Emakumezkoen unibertsoa ongien islatzen duten lanak saritzeko helburuarekin sortu zen, eta TVEk ematen du, urtero. Aurtengo edizioan, Shesh Peamim / Six Acts beste hamahiru filmen artean nabarmentzea erabaki du Montse Abbad La2 kateko zuzendaria buru duen epaimahaiak. Nerabeen inguruko film gogor bat da honakoa, desiraren alde ilun eta bortitzena azaleratzen duena. AEBetako komedia berri eta zoroarekin zerikusirik ez dauka, zoritxarrez. Barre egiteko gogoa kenduko lioke edonori. Lehorra eta irmoa da, inolako artifiziorik gabea. Mingarria, barnea mugiarazten duten horietakoa. Istorioa sinplea izan arren, indar handia du, eta primeran funtzionatzen du. Giliren infernurako jaitsiera xehetasun guztiekin kontatuko zaigu sei sekuentziatan; eta gizakion ankerkeriari bere horretan behatzea ez zaio gozoa gertatuko inori. Tamalez, hemen ez dira naziak ageri gu hobeto sentiarazi gaitzaten; pantailan agertzen diren nerabeak ez dira munstroak, pertsona arruntak baizik. Zu eta ni bezalakoak. Nerabeen arteko harremanak gordintasun osoz islatu ditu eta era berean maitasunaren inguruko idealizazioa erabat baztertu. Gilik ikaskideekin arazoak eduki ditu, eta eskolaz aldatu berri da. Gauzek okerrera egingo dute, baina, eta bere beldurren eta ziurtasunik ezaren ondorioz, emagalduaren rola egokituko zaio. Gainerakoen onespena lortu nahi du, baina bere burua errespetatzen ez duenak ez du inoren errespetua lortuko. Maitasuna ezin da edozein preziotan saldu. Desirak ezinbestean zapalketa dakar?
Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Zuzendari Berriak
Ikaskide berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu