Miarritzeko Maitaldia
Konpainiak: Batsheva eta Malandain Ballet Biarritz. Lekuak: Miarritzeko Gare du Midi antzokia eta Portu Zaharreko hondartza. Datak: Irailak 8 eta 9..
Publikoa erakartzen iaioa da Miarritzeko Maitaldia, hainbat arrazoi direla medio —programazio bariatua, aire zabaleko emanaldiak, zaletuen parte hartzeko jarduerak, ikusleekiko harreman hurbil-hurbila…—, eta jaialdiaren lehen asteburuan esandako guztia dastatzeko aukera izan dugu.
Larunbat gauean, Hora izeneko ikuskizuna aurkeztu zuen Israelgo Batsheva konpainiak, Gare du Midi antzokia leporaino beteta zegoelarik. Ohad Naharin bertako zuzendari artistiko eta koreografoa gaga izeneko gorputz-lengoaiaren sortzailea izateaz gain, jantzia da musika arloan, eta bi ezaugarri horiek ezinbestean bideratu dute proposamena.
Konpainiako hamaika dantzariak kaxoi itxurako agertoki batean eta berde horixka koloreko argi baten pean agertu dira, eta maiestate handiz hurbildu dira guganantz, soinu-banda iragarle batean bilduta. Lehen agerpen harrigarri horren ostean, ordea, bakarlariak balira bezala jardun dute dantzariek, denak batera taula gaineandenbora osoan, baina oso gutxitan eboluzio koordinatuak eginez. Musikak, aldiz, konpositore ezagun askoren zati eraldatuak —Mussorgski, Debussy, Wagner, Grieg, Rodrigo…— fusionatzen ditu bere baitan, eta dantzari bakoitzak besteengandik deskonektaturiko jarrerak burutu ditu gehienbat, informaltasunari egindako kontzesio txikiak eta erabateko geldialdi laburrak eginez eta esanguratsuak ziruditen baina edukiz hutsak ziren keinuak tartekatuz. Agian, geroan hobeto gogoratuko dugu saio hau, baina momentuz buru-hausgarri ezinezko baten pieza solteak izatearen sentsazioa utzi digu.
Asteburuko beste konpainia handia —Malandain Ballet Biarritz— Portu Zaharreko hondartzan izan da, Kantauri itsasoa eta gaua hondoko dekoratuak zirela. Egitarauan hiru lan ezagun —L'après-midi d'un faune (1995), Le spectre de la rose (2001) eta Bolero (2001)— zeuden, baina haien aurrean aurten Frantziako Kritikaren Sari nagusia eskuratu duen pieza —Une dernière chanson— etorri da.
Berrikuntza ugari ekarri ditu obra honek aurrekoekin konparatuta, eta Thierry Malandainek bere gain hartu ditu koreografia, eszenografia eta jantzien arloak. Hain zuzen ere, jantziak eta arropak izan dira eszenografiaren eta dramaturgiaren parte nagusia, eta haiei esker hartu du emanaldiak bere mediterraneo izaera bitalista eta koloretsua. Soinu-banda, berriz, Erdi Aroko kanta eder askorekin egina da —gehienak frantsesez kantatuak— eta koreografoak ongi egituraturiko suite bat prestatu du, herri dantza kolektiboen festa-izpiritua berreskuratuz, dantzarien mugimenduak abestien arabera diseinatuz eta ikusleak bikoteko jolas poetiko eder askorekin gozaraziz.
Kritika. Dantza
Ikusleak erakartzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu