'A Darkness Swallowed'
Zuzendaria: Betzy Bromberg. Herrialdea: AEB. Iraupena: 78 minutu. Urtea: 2006.
Betzy Bromberg Zinebi jaialdiko nazioarteko lehiaketako epaimahaiko kidea Kaliforniako Arte Institutuko Zinema eta Bideo programako burua da gaur egun, eta 1976az geroztik, film esperimentalak egiten dihardu. Hollywooden efektu berezien sailean lanean aritu izan da eta, besteak beste, Terminator 2: Judgment Day (James Cameron, 1991) produkzio garrantzitsuan parte hartu du. Hollywooden ikasitakoa esperimentazioan murgiltzeko baliatu du. A Darkness Swallowed filma guztiz iluna da. Alde horretatik, ez dauka zerikusirik Malicken unibertso panteistarekin; The Tree of Life maisulanak kosmosaren harmoniaren gorazarrea egiten du, eta bizitzaren aldeko manifestu kitzikagarria da. Brombergen estiloa, ordea, askoz ilunagoa eta beldurgarriagoa da, eta heriotza islatzea interesatzen zaio. Zuhaitz baten zulotik barneratzen da kamera, eta mundu ezezagun eta arraro batera sartzera derrigortzen du ikuslea. Mundu horretan kulturak eta aurreiritziek ez dute ezertarako balio, mundu ulergaitza baita. Identifikagarria den mundua desagertu egiten da, eta horrek ezinegona sortzen du. Gainera, filmean ez dago protagonistarik; beraz, identifikazioa are eta zailagoa suertatzen da. Gizakia ez da harri baten aldean oso desberdina. Hezur-haragizko pertsonarik ez da ageri, baina, horren ordez, burezur pila bat ikus ditzakegu. Errealitate objektiboa ezagutzea ezinezkoa dela iradokitzen zaigu, eta, espresionismoaren tradizioari jarraituz, errealitatea guztiz desitxuratua eta arrotza agertzen zaigu begien aurrean. Ez dauka ildo narratiborik, eta istorio baten ordez, atmosfera iluneko mundu baterako sarbidea eskaintzen digu. Ez da lan erraza, eta pazientzia handiarekin hartu beharreko pelikula da. Lynchek esandakoari jarraituz, zinemak sentipenak transmititu behar ditu.
Esperimentazioa muturreraino eraman du estatubatuarrak.
Kritika. Zinebi jaialdia. Emanaldi bereziak
Iluntasunaren gorazarre
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu