'The Attack'
Zuzendaria: Ziad Dueiri. Aktoreak: Ali Suliman, Evgenia Dodena. Herrialdea: Libano-Frantzia-Qatar-Belgika. Iraupena: 95 minutu.
Gurea betatuta egon arren, azkenean gatazka politikoa bete-betean iritsi da Zinemaldira; Palestinako gatazka —gurea ere badena—. Zaid Dueiri zuzendari libanoar-frantziarrak ausardia itzelez heldu dio gaiari, erraietaraino sartu da minaz beteriko eremu arriskutsu batean. Ekidistantzia faltsuetatik urrun, gai arantzatsu horren ertzetako gutxi batzuk agertzen saiatu da, jakinik hautu horrek ez duela gehienen gustukoa izan behar.
Horregatik, The Attack-eko bertuterik handiena kontatzen duen istorioan dago. Formalki ez baita sobera iraultzailea, thriller politikoaren traza hartuko du, ikerketaren aldera gehiegi desbideratu gabe. Tentsioa ongi mantenduko du; era berean, ideien inguruko pelikula eraikitzeko gai izanen da, sobera diskurtsiboa izan gabe.
Atentatu baten osteko harriduran, gauzak ulertzen saiatuko da protagonista. Munduaren ikuskera aldatu zaio israeldarren artean bizi izanda, nahitaezko asimilazio batean sartuta dago. Emaztea txikituta ikustean—Sail Ofizialeko orain arte irudirik zirraragarriena da oihalarena—, ukazioa izanen da lehen erreakzioa, engainatua izan den pertsonaren inpotentzia. Gauzak beste modu batera izan zirela jakitean, zergatiaren bila abiatuko da. Eta bide horretan, bere jatorriarekin eginen du topo, bizimodu eroso baten pean ahaztuta edo estalita zegoen errealitate lazgarri batekin.
Ziurrenik, hainbatek bortizkeriarekiko gertutasuna edo harekiko sinpatia moduko bat ikusiko du The Attack-en. Pelikulak, ordea, gaiaren konplexutasuna ikusarazteko balio beharko luke, agerian uzten baititu den-denek dituzten kontraesanak eta elkar ulertzeko dauden zailtasun ia gaindiezinak. Hori guztia azkenean oso mezu ezkorra emateko: honek ez du etenik izango. Ez, bederen, alde bakarreko begiradak nagusi izaten segitzen duen bitartean.
Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala
Ingurura begiratzeko leihoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu