Kritika. Artea

Izenen kontua

Ordoñez Falcon bildumako lanek osatzen dute erakusketa. M. DEL VALLE / ARP.
Haizea Barcenilla
2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
'Oroimenaren topografiak'

Lekua: Bilboko Alondegia. Noiz arte: apirilaren 15era arte.

Izen deigarria da Oroimenaren topografiak. Poetikoa. Hori aukeratu du Carles Guerra komisarioak Alondegian aurkeztu berri den erakusketarako, eta ez da aukera txarra. Gauza asko iradoki ditzake, espazioa zabalik uzten duen bitartean. Hau da, ez digu aurreratzen zer kontatu behar digun. Baina zerbait kontatuko digula igartzen dugu.

Horregatik, hain zuzen ere, zertxobait etsigarria izan daiteke erakusketari eginiko lehen begirada: ez da narratiba bat duen erakusketa bat: espazioarekin lotzen diren irudiak oso modu orokorrean aurkezten dizkigu. Oroitzapenaren bidez Guerrak argazkilaritzari buruz hitz egiten digu, modu orokor batean, bide honek memoriak grabatu eta denboran biziraunarazteko duen kapazitateaz. Eta topografia hitza erabiltzen du; alde batetik, erlazio-esparruak osatzeko erabil daitekeen terminologia oso egungoa delako arte garaikidean eta, bestetik, geografia (fisiko zein soziala) nahi duelako aurkeztutako lanen oinarri bezala finkatu. Espazio geografikoen memoria kontatu nahi omen digu, baina zertxobait zabala agertzen da proposamen hori benetako ildo bat markatzeko.

Horrek ez du esan nahi erakusketa txarra denik, bisitak merezi ez duenik: artelan bikainak daude ikusgai. Baina arazoa bildumak erakusterakoan sortzen diren horietako bat da: azkenean lanik azpimarragarrienen artean batzuk hautatzen direla, komisarioaren gustuari jarraituz, ezaugarri komun sorta baten menpe jartzen saiatuz gero. Horretarako, ezaugarri komun horiek zabaldu eta zabaldu behar dira, orokortu, proposamen teoriko orokorregia geratzen zaigun arte. Zerk bateratzen ditu erakusketako artista guztiak? Argazkia oroitzapenaren lekuko gisa azaltzeak. Bada, azken finean, argazkia da lotura jakin bakarra; jakina, gainera, COFF-TEA bilduma argazki bilduma bat delako. Ia ausartuko nintzateke esatera Carles Guerraren hautaketa pertsonala deitzen den erakusketa nahiago izango nukeela; Guerraren lana ezagututa, jakingo genuke giza-prozesuak, hirien eraldaketak eta haien arteko harremanaren kritikaren inguruko lanak jasoko genituzkeela. Eta horixe aurkitzen dugu orokorrean, baina izen zertxobait nahastaile batez.

Argazkilaritzaren oinarrizko izen batzuk daude: Bern eta Hilla Becheren sail bat, Candida Hoefer bere museo bateko ikuspegi batekin, Thomas Ruffen erretratu eta barnealde sail ederra; Dan Graham, Thomas Struth, Allan Sekula, Antoni Muntadas. Klasikoen artean, Dorothea Lange, Brassaï eta August Sander. Huts egiten ez duten artistak dira guztiak, eta haien lana ikustea beti da aukera ederra, eta ez egunerokoa.

Hainbatetan errepikatzen den gai bat post-industriarena da. Leitmotiv bezala hartu izan balitz, orokortasunetik espezifikora ausartuz, Bilboko egungo egoera suntsitzaileari kontrajartzeko gogoeta erakargarria eskainiko zuen; hara hor aukera galdua. Bereziki zirraragarriak dira Edward Burtynskyren lanak, fabrika handien erretratuak. Erakarpena eta arbuioa, edertasun monumentala eta dekadentzia, zikintasuna eta historia elkartzen dira haietan, Euskal Herriak gaiarekin duen lotura bereziki ondo irudikatuz. Gabriele Basilicok guda eta industria paisaiak kontrajartzen ditu, suntsipena eta higadura lotuz (Bilboko irudi batekin, gainera); Allan Sekulak langileen irudiak erregistratzen ditu, Lumiere anaien omenez, eta Xavier Ribasek gizataldeek aisialdirako bereganatutako espazio bazterreko, itsusi eta ahaztuak aurkezten dizkigu. Aipatutako Bern eta Hilla Becheren lanekin batera, Peter Pilleren periferiako etxeen erretratu ready made-ekin eta ildo berdineko beste lan batzuk aukeratuta, testuinguruan bikainki bertakotzen zen erakusketa bat genuke, are interesgarriagoa.

Badira, ordea, urruntzen diren lanak —eta adi, ez horregatik okerragoak—: Wolfgang Tillmansen argazki-teknikaren abstrakzio zoragarriak, imajinazio larriegiz soilik ez-espazio gisa irakur daitezkeenak; Jean-Louis Garnellen barnealde anabasazkoak, Gabriel Orozcoren aurkitutako eszenen erretratu xume eta ederrak, Bleda eta Rosaren oroitzapenari eginiko aipamen irudizkoak, azken hauek bai, guztiz bat ideia orokorrarekin. Hala ere, bestelako lan batzuen falta suma daiteke; esaterako, Nan Goldinenak, gizatalde espezifiko batzuek garai eta geografia zehatzetan bizitako memoriaren berri ematen dutenak. Edota gorputzarekin, identitatearekin eta generoarekin lotura gehiago duten lanak. Esate baterako, geografia horiek espazio fisikoez gain, espazio mentalak bezala ere ulertzen dituztenak, batez ere diskurtso horien garapenerako argazkiak izan duen garrantzia kontuan izanda.

Erakusketa txukuna, arriskurik gabekoa da Alondegiak eskaintzen duena, aldi berean kalitate handiko lanak dakarzkiguna. Pena da, ordea, gaurko Bilbok proposamen komisarialen aldetik gehiago ezin eskaini izatea eta Carles Guerra agenteak diskurtso aldetik eman zezakeena Oroimenaren topografietan laburbiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.