'Drive'
Zuzendaria: Nicolas Winding Refn. Aktoreak: Ryan Gosling, Carey Mulligan, Oscar Isaac, Christina Hendriks, Ron Perlman.Herrialdea: AEB.Iraupena: 100 minutu.
Ikusgarria. Nicolas Winding Refn zinemagile daniarraren lehendabiziko film amerikarrak ez du hutsik egin, eta etorkizunean zeresan handia emango duen egilea izango dela ez dago dudarik. Collateral (Michael Mann, 2004) eta Death Proof (Quentin Tarantino, 2007) gogora ekartzen dituen maisulana da.
Cannesko jaialdian zuzendari onenaren garaikurrarekin saritu ondoren, Zabaltegi-Perlaksailean estreinatu da Drive, eta aho zabalik uzten duten horietakoa da ezbairik gabe. Winding Refn-ek akzioko film aparta zuzendu duela aitortu beharra dago, eta Hollywoodeko osagai guztiak biltzen dituen arren, ez dizu aspertzeko aukerarik ematen.
Akzioko eszenak oso gustura ikusten dira, dosi txikietan emanak baitira. Apika zenbaiti indarkeria gehiegitxo duela irudituko zaio, baina indarkeria mota honek ez du ikus-entzulearengan ezinegona sortzeko helburua, ikuskizunaren parte bat besterik ez da. Alde horretatik, Tyrannosaur-en (Paddy Considine) ezkutatzen den biolentzia beldurgarriagoa da.
Ikusgarria den arren, ez da gehiegikerietan erortzen, eta istorioari merezi duen garrantzia ematen zaio.
Filmak duen beste bertuteetako bat aktore protagonista bera da. The Believer (Henry Bean, 2001) eta Lars and the Real Girl (Craig Gillespie, 2007) filmetan ikusi ahal izan den Ryan Goslingek ez du parekorik. Antzezpena itzela da benetan, eta pertsonaia oso erakargarri egiten du. Sylvester Stallone eta Arnold Schwarzenegger mitoen antzera, isiltasuna atsegin duen gizona da, eta sekulako lasaitasuna eta patxada transmititzen ditu. Lotsatia eta lasaia dela dirudi, baina eskola zaharreko heroia da.
Egungo zalduna da, baina kasu honetan zaldi zuriaren ordez kotxea du lagun. Edozer emango nuke Mike espezialistaren eta izenik gabeko gidariaren arteko lehia ikustearren.
Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi-Bereziak
Izenik ez duen zalduna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu