Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi Zuzendari Berriak

Jolas gaitezen

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
'Silver Tongues'

Zuzendari eta gidoilaria: Simon Arthur. Aktoreak: Lee Tergesen, Enid Graham, Tate Ellington. Herrialdea: AEB, Erresuma Batua. Iraupena: 88 minutu.

Gauzak ez dira inoiz diruditen bezalakoak. Hori da egin dezakedan baieztapen bakarra, zalantzaz eta galderaz beteta atera bainaiz maisulan hau ikusi ostean. Terrence Malick, Brad Pitt edo halako izen entzutetsurik ez da ageri film honen fitxan, baina ezusteko ederra eman digu Simon Arthur ezezagunaren proposamenak. Magia ikuskizun paregabea eskaini digu, eta harri eta zur utzi. Opera prima bikaina, harrigarria eta originala egin du, eta aho zabalik egon naiz amaierara arte. Ezin nuen ikusten ari nintzena sinetsi. Ezin imajina nezakeen zer etorriko zen hurrengo eszena agertzearekin batera. Ziria sartu digulakoan nago. Ikus-entzulearekin jolasean ibili da denbora guztian, eta bere lanarekin gozatzen duela nabari da, sekulako emaitza lortu baitu. Nahi duen guztia egin du, eta aurreiritziek behin baino gehiagotan traizionatu naute.

Aitortu beharra dago: manipulatzeko artean maisua da. Eskoziarrak jolasa atsegin du, baina gai serio eta polemikoak interesatzen zaizkiola argi utzi du. Bikote (botere) harremanak, emakumeen aurkako indarkeria, zahartzaroa… gai mamitsuak era gordinean jorratzen ditu. Sailkaezina da, eta filma azalez aldatuz joaten da. Konturatu orduko, pelikula desberdin bat ikusten ari zaren sentipena daukazu. Eredu klasikotik oso urrun dago; pertsonaia nagusiak konplexuak dira oso. Hanekeren Funny Gamesthriller psikologiko aparta ekarri dit gogora zenbait unetan, baina kasu honetan ez dakizu gaiztoak nortzuk diren. Pertsona bakoitzak barruan duen iruzurtia azaleratu nahi izan duela ematen du. Norberaren desioak betetzeko edozertarako prest gaudela esan nahi digu agian. Besteak jostailuak balira bezala tratatzea onartezina dela salatu nahi izan du. Kontsumoaren gizartea gogor kritikatzen dugu, baina gero ez dugu erreparorik pertsonak erabili eta zaborretara botatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.