Artea. Kritika

Lirainak eta monumentalak

Brancusiren lanak, Guggenheimen. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Mikel Onandia Garate.
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
'Brancusi/Serra'

Lekua: Bilboko Guggenheim museoa. Noiz arte: 2012ko apirilaren 15a arte.

Sona handiko erakusketak ekarri ohi dizkigu Guggenheimek, askotan onak, besteetan ez saldu nahi diguten besteko baliodunak. Oraingoan, baina, Constantin Brancusi (Hobita, Errumania, 1876 - Paris, 1957) eta Richard Serra (San Frantzisko, AEB, 1939) XX. mendeko bi maisu handiei eskainitako mostrak ez du hutsik egiten.

Eskultura izan da azken ehun urteetan garapen eta iraultza handiena ezagutu duen diziplina —Boccioniren proposamen futuristetatik instalazio eta ekintza performatiboetaraino—, eta, prozesu honetan, Serra eta Brancusi funtsezko erreferenteak ditugu. Parisen Rodin eta inpresionisten lanen eraginaren ostean, segituan begiratu zion arte primitiboari errumaniarrak, eskulturgintzaren esentzia bilatu nahian, lengoaia pertsonala garatuz. Bestetik, 60ko hamarkadako Frantziako hiriburuan, Serra gazteak Brancusiren berreraikitako estudioa ezagututa —hark 1956an Arte Modernoko Museo Nazionalari oinordetzan utzitako lantegia—, eskulturari ekin zion.

Horretaz aparte —eta biek Guggenheim Fundazioarekin izaniko harreman bereziaz gain—, hoien artean ez dago erlazio zuzen-zuzenik, eta antolatzaileek ez dute teoria berririk aurkezteko asmorik, haien obren arteko elkarrizketa irekia baizik. Eta, egiaz, bi artisten konkordantziak agertzen dituen diskurtsoa eraikitzea baino gehiago, erakusketari lehen aldiz batera halako punta-puntako piezak —asko artearen historiako liburuen ilustrazioen bidez ezagunak— elkartzea aitortu behar zaio; aukera aparta bisitariontzat ——batez ere Brancusiren obrei dagokienez—, inora bidaiatuko ez duela kontuan izanda.

Errumaniarrak eskulturaren bolumen tridimentsionala oinarrietara darama, forma sinpleen alde, horien adierazkortasuna galdu beharrean, areagotuz, eta, aldi berean, eskultura abstraktuaren oinarriak ezarriz. Orotariko materialak lantzen ditu (igeltsua, marmola, brontzea, egurra), eta baita forma eta motibo ezberdinak ere (txoriak, buruak lotan, itxura totemikodun piezak), baina guztietan, agian Oteiza primitiboena gogorarazten digun Musua (1923-25) lanean ezik, lirikotasuna nabarmena da. Linea soilak, finak dira nagusi, delikatuak oso, sentsual eta erakargarriak. Material leun eta dirdiratsuetan, akabera borobildu eta angelutsuak maisuki konbinatzen ditu Brancusik, sudur luzanga, forma faliko eta bolumen lirainei bide emanez.

Txorien etsenpluak artistaren lan gorenetakoak dira. Horiek idulki luzanga eta altuetan kokatu dituzte —ez da aukera txarra, eskulturen bestelako bista eskaintzeaz batera jendearen aglomerazioak ekiditen ditu, artelanen aztertze hurbil-hurbila gustatzen zaigunoi gozamena galarazi arren—, nahiz eta Brancusiren lan askoren idulki propioetan arreta jartzea merezi duen, ezaugarri bereziak agertzen baitituzte. Ostera, Serraren kasuan, minimalismoaren semea denez gero, eskulturak bere handitasunean euskarri eta apaingarririk gabe agertzen zaizkio ikusleari.

Estatubatuarraren lanek, duten kutsu estetiko nabarmenaz gain, inplikazio kontzeptual sendoak agertzen dituzte. Tona askotako lanak badira ere, monumentaltasun eta arintasun efektuak sorrarazten dituzte aldi berean. Azken 40 urteetan gauzatutako piezak dira, asko ezagunak zaizkigunak, baina sarritan gurean Serraren presentzia gehiegizkoa irudituta ere, ez gara haren lanaren balioa baieztatzen nekatuko. Materialtasunaren —izan altzairua, beruna, kautxua— berezko izaeraren gaineko esperimentazioen bidez, eta oreka, pisua eta serialtasuna kontzeptuak muturrera eramanez, ikusleak eskulturarekiko duen harremana birdefinitu du Serrak, espazioaren pertzepzioaren gainean ditugun konbentzioei men eginez. Horren adibide garbiak ditugu aretoko espazioa zein ikuslearen ibilbidea erabat moldatzen duen Zirkuitua-Bilbo (1972), eta 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8 (1987), metalezko pieza erraldoien arteko pisu eta oreka erlazioak muturrera daramatzan proposamena. Gainera, metalaren ebakidura bihurri, makur eta zigi-zagatsuak egiaz enigmatiko eta erakargarri zaizkigu, eta Gerhyren eraikinera beste inon baino hobeto egokitzen dira. Badira baita Serraren lan bidimentsionalak ere —pinturak?—, beltz eta oso materikoak, baina ez dute kaliforniarrak lan tridimentsionaletan lortzen duen sakontasun kontzeptualik. Bestalde, mostraren ibilbidearen barnean sartu dute museoko bigarren solairuko balkoiko Denboraren materia eskultura multzo bikainaren bista ikusgarria.

Oro har, erakusketakoak eskala eta nolakotasun ezberdineko lanak badira ere, gehientsuenak karga estetiko sakonekoak ditugu —liraintasun fin eta delikatukoak Brancusirenak, monumental eta indartsuak Serrarenak—, denak edertasunaren bilatze hutsetik haratago doazenak, askotan formak eta kontzeptuak maisutasunez bat egitea lortzen baitute. Mostra interesekoa, zinez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.