Kritika. Antzerkia

Lo dauden ametsak

Agus Perez.
2012ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
'Negra'

Konpainia: Teatro Meridional. Zuzendaritza: Alvaro Lavin. Lekua: Eibarko Hezkuntza Esparruko aretoa.

Eguna: martxoak 6.

Aspaldiko ohitura da Eibarko Antzerki Jardunaldietan martxoaren 8a gogoratzea emakumeen gaia jorratzen duen antzezlan bat programatuz, eta aurten ere, Eibarko Emakumearen Mahaiarekin zein Berdintasun Arloarekin batera, bete-betean asmatu dute Teatro Meridional konpainiaren Negra antzezlana ekartzean.

Hasieran Teatro Meridional Europa Hegoaldeko zenbait herritako profesionalek sortu bazuten ere, Madrilen eta Lisboan finkatu zen azkenean, eta bere betiko ezaugarria izan da antzezpenaren kalitateari berebiziko garrantzia ematea, gainontzeko alde eszenikoak ahalik eta gehien minimizatuz. Kasu honetarako, gainera, ganorazkoa da esatea nolabaiteko kutsu soziala dutela beren lanetariko askok, eta Negra honetan are agerikoagoa izan dela lehen esandako konpromiso ukitua.

Julio Salvatierraren testuak hiru emakumeren kontakizunak jasotzen ditu, bakoitza bere tonuan eta hirurak antzezle bakar baten esku utziz. Lehenak maisuki erakusten du emakume apal eta zapalduek beren baitan gordetzen duten itxaropen agortezina eta bizitzarenganako fede itsua; bigarrena askoz umoretsuagoa izan da —sarkasmotik hurbil ibili da— eta, bide batez, agerian utzi ditu zabor-telebista eta irrati kate gehienen berbontzikeria eta manipulazioa; azkenik, hirugarrenak sentikortasun handiz deskribatu du Afrika lehorretik Europa aberatsera doan ezinezko bidaia.

Marina Seresesky —edo Szerezevsky, nondik begiratuta— izan da hiru zatien aktorea eta jatorrizko ideiaren sortzailea, eta izugarri ondo gorpuztu ditu Amazonaseko leku galdu batetik, Karibetik eta Saheletik zetozen hiru emakumeen istorioak, jantzi aldaketa azkar eta esanguratsuak tarteko eta haietariko bakoitzaren ahoskera sen handiz moldatuz. Horrela etorri dira guganaino emakume haien guztien laztasuna eta samurtasuna, eta antzezleari esker ezagutu ditugu haietariko askorengan lo dauden ametsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.