Literatura. Haur eta gazte literatura. 'SCREAM STREET: BANPIROEN LETAGINA'

Luke Watson gizotso bat da

2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Idazlea: Tommy Donbavand.

Ilustratzailea: Cartoon Saloon Ltd.

Itzultzailea: Regina Larruzea.

Argitaletxea: Desclee.

Irakurle hasiberriek, bildumazaleek, dosi txikiko beldurra maite dutenek, 150 orrialdeetan kateatutako akzioa jasaten dutenek, terrorea eskatologiarekin nahasten dutenek, merchandising-arekin narrazioarekin bezainbat (edo gehiago) gozatzen duenek, horiek guztiek irentsi egingo dute hamahiru alez osatutako Scream Street bilduma. Idazleak bere web orri ofizialean aitortzen duenez, Scream Sreet 7-10 urteko irakurleei begira idatzitako nobela bilduma bat da, 13 urteko zaleak ezagutu dituena eta —orrialde kopurua alde batera utzita (160!)— helburua lortu duela ematen duena, alderdi askotatik begiratuta.

Testuak egitura tolesgabea erakusten du, pertsonaia kopuru murritzarekin, hari narratibo gardenarekin eta albo gertaerarik batere gabe. Karakterizazioa eraikitzeko, psikologian sakontzeko eta, oro har, pertsonaien nortasuna adierazteko ez dira bina adjektibo baino gehiago erabiltzen. Ondorioz, euren izaera dagokien rolen arabera ezartzen da, eta irakurleak horren jakitun izan behar du.

Liburuak egiten duen umorearen eta terrorearen erabilera ezaugarri askozaz subjektiboagoa da adinaren egokitasuna neurtzeko garaian, baina irakurketaren esperientziatik abiatuta eta Interneten irakurleek emandako iritzia aintzat hartuta, horretan ere asmatu duela dirudi. Beldurra oso dosi jasangarrietan eskaintzen da, gehienetan heroiek bizi dituzten eraso eta antzeko borrokaldietan sortutako tentsio uneak izaten dira, eta horien iraupena —bai fikzioan eta bai irakurketan— hain laburra da, ezen ez baitu ohartzeko astirik ere ematen. Gainera gaizkiaren gaineko ongiaren gailentzea ziurra denez, ezinezkoa ematen du inor larritzea. Bestalde, terrorea umorearekin gurutzatzeko eskatologia primarioena erabiltzen da, eta puzkerrak nagusi dira obra guztian zehar, edozein aitzakiarekin. Tarteka, oso tarteka, nazkagarrikerien maila gorena bilatzen duen perlatxoren bat eskaintzen zaigu: «Lukek zonbiari begi zurixketara begiratu zion. Izakiak irribarre egin zionean, ahoa zorriz eta harrez gainezka zeukala ikusi zuen. Labezomorro bat sudur-zulo batetik irten eta zonbiaren ezkerreko belarrian sartu zen, atzetik muki beltzezko ilaratxo bat herrestatuz».

13 liburukitan banatutako bilduma izanik, egitura erredundantea darabil, behin eta berriz errepikatzen dena, baina bildumetan hori ez da eragozpena, berezko ezaugarria baizik.

Azkenik, ezin ahaztu obra hau literaturaren korronte berrietan txertatzen dela, alegia, merchandising-a narrazioa bera baino are beharrezkoagoa dituen obra bat dela. Molde honetako obra batek web orri bat behar du (www.screamstreet.com), bere idazleak beste pare bat (www.tommydonbavand.com, www.trappedbymonsters.com), pertsonaiek euren irudia promozionatu behar dute (liburuak kromoak eskaintzen ditu) eta formatu audiobisualak bilatu behar ditu (ingelesez audio-liburuak eskaintzen dira, eta telebistarako saioak grabatzen ari omen dira).

Oraingoz, euskarara lau liburuki itzuli dira, eta paraliteratura «soilik» ingelesez eskura genezake. Gehiago nahi?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.