David Hockney
Lekua: Guggenheim museoa. Bilbo. Noiz arte: irailaren 30era arte.
Bilboko Guggenheim museoak uda honetarako antolatu duen erakusketa izarrak arrakastatsua izateko osagai guztiak ditu: artista ospetsu eta kontsagratua, pintura alai, koloretsu eta monumentalak, eta marketin kanpaina indartsua. Ondo antolatutako mostra dugu, erakargarria orokorrean, baina hankamotz geratzen da, funtsean, David HockneyErresuma Batuko margolari entzutetsuenaren(Bradford, Ingalaterra, 1937)lanak argi-ilun larregi agertzen baititu.
Hockney oso gazterik joan zen Kaliforniara, hango eguzki eta kulturak txundituta, eta segituan lortu zuen ospea, batez ere igerileku, gizon eder eta zeru urdineko eszena erakargarriekin. Jada adindua, jaioterrira bueltan, Yorkshireko basoetan margotzen hasi da, ia modu obsesiboan. Londresko Royal Academy of Arts-etik pasa ostean, Bilbon 2004tik hona gauzatutako 200 lan inguru erakusten dira: olio pinturak, akuarelak, ikatz-marrazkiak, iPad-arekin gauzatutako marrazkiak —anbizio handiko eskalakoak, mosaiko gisa piezetan gauzatuak— zein bideo digitalak. Artista ingelesak betidanik izan du teknologia berriekiko zaletasuna —tresna tradizionalekin batera, faxa, fotokopiak, polaroid argazkiak erabili ditu—, eta azken urteotan iPad-arekin marrazten hasi da. Horrek ez dauka pinturaren materialtasunik, baina efektu eta akabera interesgarriak sorrarazten ditu.
Pintura ingelesaren barnean tradizio sendoko baso-paisaiaren Ikuspegi zabalago bat bilatu du Hockneyk, mendeetan kasik aldatu ez diren oihan eta bideak irudikatzeko bestelako begirada ahalbidetuz. Landa lana abiapuntu, modu sakonean ikertu du paisaia—urtaroen segida, argiaren aldaketa, hazkunde zikloak—, pieza mordo bat gauzatzeraino. Sorterria berraurkitzeaz bat, Hockneyk naturari zuzenean behatzeari ekin dio, mendebaldeko arteak zeukan kameraren mendekotasun gehiegizkoagatik alde egin nahita. Kolore eztanda bat bailitzan, haren lanetan bizitasuna eta baikortasuna dira nagusi. Tonu puru eta biziko lanak ditugu, eskematikoak, nahiko dekoratiboak, naif kutsukoak asko.
Aretoen muntatzea, dokumentazio gunea eta didaktikoa, beti bezala, primerakoa da. Lanei begira —mostrako garrantzitsuena—, baina, zalantzak ugaritu egiten dira. Orain gutxi Damien Hirstekin eskulanaren garrantziaren gainean polemika izan duen margolariaren pintura irregularra dugu. Badira pieza aipagarriak; esaterako, akuarela txikiak. Baita The Arrival of Spring in Woldgate, East Yorkshire in 2011 (2011) lan itzela, olioz eta iPad-ez egindako 32 oihal eta 51 marrazkiz osatua, horietako zenbait interesekoak. Hockneyk irudimenari bide librea ematean sortzen ditu konposizio indartsuenak, horien artean Winter Timber (2009), totem gisara bizitza galdu duten zuhaitz hori, urdin eta more multzoen bista ederra. Bada baita pintorearen ibilbide artistikoan zehar gauzatutako paisaia ezberdinei eskainitako aretoa ere, eta bertan argazki bidez eginiko collageak dira nabarmentzekoak, besteak beste Pearblossom Highway, 11—18 April 1986 #1 (1986) famatu eta bikaina, Kaliforniako desertua gurutzatzen duen autobidearen pop konposizioa.
Beste askok, ostera, ez dute gutxieneko maila ematen. Horien artean Claude Lorrainen Mendiko sermoia (ca. 1656) pintura abiapuntu hartuta sortutako koadro ezberdinak, eta beste hainbat. Izan ere, oro har, obra guztiek batera atmosfera alai eta jostagarria sortuz mosaiko koloretsu interesgarria osatzen badute ere, pintura gehientsuenek, beren barnean, ez dute balio piktoriko handirik. Guggenheim bezalako instituzio batek kritikarako abagune gutxi uzten du, baina argiak izan beharra dugu. Erakusten diren Hockneyren koadro batzuwk, bakarturik, ez lukete herri txiki bateko kultur etxe batean lekurik, kaskarrak baitira oso.
Mostrako ezuste pozgarriena bideo lanak ditugu. Kalitate handiko kamera ezberdinekin aldi berean grabatutako eszenetan, pinturetan harrapatu ez duen ñabardurekin eta zentzu estetiko nabarmenarekin basoen bilakaera organikoa adieraztea lortzen du. Kasu honetan, paisaiez gain barrualdean kokatzen diren pertsonaiez eta dantzariez eratutako eszenografia koloretsu eta dibertigarriak osatu ditu kutsu hipnotikoko esperientzia bisual erakargarriak eratuz.
Erakusketa honek David Hockneyren unibertso pertsonala modu egokian agertzen digu, haren lan eta sormen ahalmen handia eta teknika ezberdinak eta berritzaileak erabiltzeko gaitasuna agerian utziz. Goraipatzekoa da pintoreak gaztaroko paisaia emozionalarekiko erakusten duen askatasuna, ausardia ez baitzaio falta. Alabaina, orokorrean mostra atsegina bada ere, salbuespen intereseko batzuk kenduta, eta noski, gustu kontuak gorabehera, Bilbon aurkezten zaigun Hockneyk gustu txarraren muga gehiegitan igarotzen duela deritzogu.
Artea. Kritika. Artea
Maisu baten gainbehera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu