Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala

Memoria izoztua

Gontzal Agote.
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
'La voz dormida'

Zuzendaria: Benito Zambrano. Aktoreak: Inma Cuesta, Maria Leon, Marc Clotet, Daniel Holguin, Ana Wagener. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 128 minutu.

Inor engainatu nahi izatea ezin zaio leporatu Benito Zambranori. Filmaren hasieran argi erakutsiko du bere asmoa zein den: testu batek ohartaraziko du segidan ikusiko duguna omenaldi bat dela, frankismoaren errepresioa pairatu zuten guztiei egindakoa, bereziki emakumeei egindakoa.

Abiapuntu horretatik, La voz dormida testigantza gisa hartu behar da, Francoren agintaldiko lehen urteotan gertatu ziren barrabaskerien berri ematen duen kontakizuna. Gertaera lazgarriak eta egoera hunkigarriak.

Baina horretaz harago, gainerako guztietan egiten du huts filmak. Iaz Agusti Villarongaren Pa negre-k Espainiako gerra eta haren ondorenak lantzeko molde berritzaile samar bat eman zuen, eta bide berri baten hasiera izaten ahal zen. Zoritxarrez, Zambranok nahiago izan du zinema espainiarreko betiko eskema zaharkituarekin segitu.

Filmaren oinarri politikoekin ados egonda ere, digeritzen gaitza da guztiz manikeista den planteamendua, ikusleari esan beharko bazitzaion bezala nortzuk diren gaiztoak eta nortzuk onak. Interpretazio kaskartxoek eta eszenaratze zurrunak ez diote batere mesederik eginen La voz dormida-ri, eta gehiegitan telesail baten traza hartzen du pelikulak —hortik akaso kolore okreak—.

Gabezia horiekin guztiekin zuzen-zuzenean hunkidurara jo nahi izan du zuzendariak; horretarako, osagai nahiko izan baditu eta aukera hori behin eta berriz baliatzen ahalegindu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.