Artea. Kritika

Memoriaren hutsuneak

Izenbururik gabe (1979), kartoi mehe gainean tinta txinaz egindako lana. JOAQUIN CORTES / ROMAN LORES.
2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
'Elena Asins. Fragmentos de la memoria'.

Lekua: Madrilgo Reina Sofia museoa. Noiz arte: urriaren 31 arte.

Reina Sofia museoan Elena Asins. Fragmentos de la memoria erakusketa dago ikusgai. Nafarroan bizi den artista horren erakusketa galanta da, orain arte bere lanari buruz egin den osatuena. Manuel Borja-Villel museoko zuzendari eta gertaeraren komisarioaren hitzetan, erakusketa «artistaren lanera gerturatze bat da, non bere jardueraren gakoak marrazten diren». 60ko hamarkadaz geroztik egindako ibilbide luzea biltzen den arren, ez da atzera begirako bat, ez da antologia bat; ohiko kalifikazioak ekidin, iraganaren gorazarrea baztertu eta erakusketa gaur egunean ulertu behar da.

Misterioa iruditzen zait arte munduan nola artista batzuk tontorrera heltzen diren eta beste batzuk ez. Orain arte, nahiko ezkutuan mantendu izan da Asinsen lana, nahiz eta egin dituen 40 bakarkako erakusketa baino gehiago, eta beharrezkoa zen bistaratzea. Haren lanak XX. mendeko abangoardiaren tradizio konstruktibista, 60ko hamarkadako informazioaren teoria eta ordenagailu bidezko artea nahasten ditu, horretarako arte optiko eta minimalismora ere arrimatuz. Labur esanda, Asins ordenagailu bitartez egiten den artean aitzindaria da, eta, era berean, ideia protagonista duen arte kontzeptualaren erreferente nagusietako bat. Agerikoa da Elena Asinsek Espainiako Estatuko, eta zer esanik ez Euskal Herriko, arte garaikidearen testuinguruan dagokion lekua merezi duela eta nolabait Reina Sofia museoak lekukotasun hori aldarrikatu duela. Hala ere, espero dugu, nahiz kontraesana dirudien, Asins arduratuko dela bere lana toki jakin batzuetan kokatu orduko, sinbolo bihurtu orduko, mugitu eta bere lanaren ezaugarri iheskor eta harrapaezina mantentzeaz.

Arte testuinguruan Asinsek izandako ikusgarritasun ezak 1971n Linda Nochlinek eginiko galdera famatu bat gogorarazten digu: zergatik ez da Artearen Historian emakume artista handirik izan? Galdera, gertuko testuingurura zuzenduz, hauxe izango litzateke: zergatik ez da Euskal Herriko Artearen Historian emakume artista handirik izan? Uste baitugu Elena Asinsek artista handi baten tokia merezi duela eta agian 1940an jaiotako emakumea izateak dagokiona kendu diola. Nochlinek zioenaren harira, Arte Historia Handiak emakume artistaren presentzia sistematikoki ezkutatu egin du, eta Euskal Herriaren kasuan interesgarria izango litzateke horren inguruko ikerketa bat. Bestalde, Asins, emakume izateaz gain, arte sistemari kontzesio gutxi egiten dizkion pertsona edota Azpirotz bezalako herri txiki bateko biztanlea ere bada, eta horrek guztiak oihartzuna murrizten du.

Asinsek ez du bere burua ez pintore, ez eskultore, ez idazletzat, eta zorrotz kritikatzen du diziplina baten edo bestean bere lana kokatzen duena. Fragmentos de la memoria erakusketa artistak lehenengo pertsonan idatzitako testu batekin hasten da, eta, horrela, sarrera ordurako, ikuslea ibilbidearen esperientziarako prestatzen da. Testuaren ulermenak arreta berezia eskatzen du, jarraian datorrenak ere halaxe eskatuko du; artistaren nahia ez baita estrategia erretoriko errazen bitartez erakartzea. Bere bizitzan egindako zeinu askotarikoen pilaketa baten erdira murgilduko garela diosku, metodo diziplinatu eta zehatzekin egindako ereduen artera. Horrela, zuri-zuria den espazioan sartzen gara eta noizbehinka, paretetan zintzilik, zuritasuna xumeki puskatuz, formatu ugarirekin eraikitako lanak daude. Isiltasuna da nagusi, eta ikus-eremu lasai batean sartzen da bisitaria. Marraren sinpletasunak, planoaren zuritasunak, errepikapenaren errepikapenak, kolorerik ezak, uzkurtze/erakarpen-biltze/sakabanatze mugimenduek, eta abarrek mundu plastiko partikular eta ezohiko bat sortzen dute, hauskorra dena, eta betiere desagertzeko zorian dagoena. Espazioa eta denbora sekuentzia eta erritmo ugarirekin antolatzen ditu, eta lanek partitura izaera dute, musikak (nahiz soinurik ez dagoen) presentzia handia du.

Erakusketa kronologikoki antolatua dago, eta 1968an eginiko lanekin hasten da, garaian ezohiko materialekin lan egiten zuen: nylon haria, paper tolestua edo mekanografiatutako hitzak. Hasierako obrek presentzia handia dute erakusketan, eta duten sentsibilitate eta nolakotasun poetikoengatik bereziki gomendatzen ditugu. 70eko hamarkadako Struckturen lanean ere hainbat euskarri erabiltzen ditu eta helburua, estruktura ugariren bitartez, espazio, denbora eta erritmo diferenteak ikertzea da. Marrek eta planoek, beraien artean harreman estrukturalak mantentzen dituzte. Aipatzekoa da Paradigma for Scale lana bere osotasunean lehenengo aldiz ikus dezakegula, artistak 80 eta 90eko hamarkadetan izandako tridimentsionalarekiko interesaren eredu. Agujero negro, erakusketako puntu beltza, gomendatuko dugu azkenik; gela ilun bat da, eta sartzen zarenean ez duzu ezer ikusten, geldiro-geldiro iluntasunetik ikusten hasten zara.

Hutsunearen ideia, zerbait berria sortzeko aukera lez kontsideratua, artistarentzat inspirazio iturri garrantzitsua da. Hutsunea sortzea artearen eginkizun garrantzitsuenetariko bat izan beharko lukeela dio Asinsek: «infernuaren erdian zer ez den infernu aztertu eta gero, txoko hori gorde eta istant hori iraunaraztea». Esan dugunez, arte kontzeptuala egiten du Asinsek, ideia da artearen eragilea. Dena den, xede transzendentalak baino harago, bere lanaren presentzia fisiko ederra, hauskorra, erritmikoa eta, zergatik ez, aspergarria den heinean interesgarria, goraipatzen dugu. Laburbilduz, erakusketa xurgatzailea da, oso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.