Beethovenen'Missa Solemnis'
Zuzendaria: Gerd Albrecht. Orkestra: Sinfonia Varsovia. Abesbatza: Iruñeko Orfeoia.Non: Donostiako Kursaalean.Noiz: Apirilaren 15ean.
Kontzertu hau Lorenzo Ondarra musikagile eta organo jotzailearen alboan entzun izan banu, hauxe esango zidan: «Meza hau ez da erraza». Musika giroan zipriztinduta zendu berri zaigun Ondarra musikari handiak harridura eta bozkario zoriontsuz gozatuko zukeen bere Iruñeko Orfeoi maite hau entzutean. Akatsak bai, kontzentrazio ezusteak bai, afinazio hanka-sartzeak ere bai, baina gaur egun zenbat abesbatza izenda genitzake Beethovenen Meza Handi hau dotore, txukun eta ikaragarri ondo kantatzeko moduan? Gutxi batzuk; hobe esanda, oso gutxi.
Bizilagunek etxe dotore eta erakargarri bat berreraiki dutenean, bekaizkeria gorrotagarrian begiratzen diegu. Ildo berean arrazoitu beharko nuke entzule donostiarrek kontzertu amaieran Iruñeko abesbatzari eskainitako txalo zaparrada xumea. Nafarrek gauzatutako interpretazio duinaz gozatu eta gero, inbidiak alde batera utzita, lasai asko txalotu eta zoriondu beharko genituzke; atsekabez, ez zen hala gertatu.
Albrecht zuzendariak maisuki gidatu zuen obra, duda izpirik gabe, forte eta pianissimien arteko bereizketak argi adieraziz eta musikari orori esaldikatze eran askatasun guztia emanez. Une distiratsuak nabarmentzekotan: 'Quoniam tu solus Sanctus' Gloria-n, 'Et in vitam venturi' Kredo-an eta Benedictus txataleko ahots laukotearen trinkotasuna. Ahots korronte honen guztiaren oinarri Varsovia Sinfonia orkestra ikaragarria genuen. Hariak erakustaldi hobezina azaldu zuen, biolontxelo zoragarri eta bigarren biolin argitsu batzuen gerizpean.
Ahots bakarlarietan, Lippert tenorraren kantu hedapena ikusgarria izan zen, egokitasunez finkatuta eta koloreetan ameslari. Vermillion mezzosopranoarekin batera, bikote itzela eratu zuen, baxuaren eta sopranoaren agerraldiak erdibidean utziz. Kontzertino anderearen sabelean kolpeka azaleratzeko irrikan genuen haurrak irribarre alaitsu batekin emango luke bere oniritzia. Goian bego, Ondarra.
Kritika. Musika
Meza ez da erraza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu