'Chaika'
Zuzendaria: Miguel Angel Jimenez. Herrialdeak: Espainia, Georgia, Errusia. Iraupena: 104 minutu.
Espaziora iritsi zen lehen emakumea izan zen Valentina Terexkova. 1963ko misio garrantzitsu hari emandako ezkutuko izena zen Chaika (Kaioa). Munduari emakumea iraultzaren gidaria izango zela helaraztea izan zen sobietar gobernuaren helburua.Propaganda hutsa, noski. Propaganda herritarrentzat zen; Stalinek, berriz, nahiago zuen western-ak ikusi. Eta ez zen bakarra. Hitler ere Hollywoodera begira egon ohi zen. Miguel Angel Jimenezek bere bigarren filma aurkeztu du Donostian. Sobietar gobernuaren menpe egon ziren lurraldera bidaiatu du Ahysaren istorioa kontatzeko. Urte askotxo igaro dira Terexkova espaziora ailegatu zenetik, baina gauzek bere horretan diraute, emakume askori pertsona izaera ukatzen baitzaie oraindik. Emakumeen kontrako jazarpen egoera salatu nahi izan du, baina ezin da inolaz ere zinema soziala edota politikoa kontsideratu; ez da konbentzionala, intimista baizik. Istorio lazgarri eta xalo honen bitartez jendearen emozioetan eragin nahi du. Beharrezkoak diren hitzak soilik erabiltzen ditu, baina horrek ez du esan nahi narrazioak aurrera egiten ez duenik. Informazioa oso pixkanaka ematen du, eta horrek istorioarekiko interesa areagotzea lortzen du. Ahysaren iragana misterio bat dela esaten zaigu, baina, pantailan ikusitakoa ikusita, ez da zaila imajinatzea orainaldia bezain tristea izan zela. Mundu alu honetan zulo bat besterik ez dela onartuta dauka aspaldidanik. Siberia eta Kazakhstango lurralde galduetan filmatuko irudiek bakardade sentsazioa indartzen dute. Iraultzak ez du arrakastarik izango harik eta emakumeen duintasuna errespetatzen ez bada. Ekintzek ez dute propagandaren beharrik.
Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Zuzendari Berriak
Mundu alua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu