Kritika. Musika

Partituraren fotokopia

Arkaitz Mendoza.
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Miguel Ituarte

Egitaraua: Ludwig Van Beethovenen Vincenzo Righiniren Bariazioak, Cesar Francken Preludio, Aria eta Final eta Franz Liszten Ikasgai Traszendentalak. Lekua: Viktoria Eugenia antzokia, Donostian. Eguna: Martxoak 20a.

Notak, azentuak, dinamika zeinuak, hatzen berezko digitazioak, pedalaren erabilera egokiak, ligadurak, obraren garaiko interpretazio estiloa eta akorde bakoitzaren bateratasunaren trinkotasuna; den-dena kontrolpean Ituarteren garunean, partituraren fotokopia bat aurrez aurre begiztatuko bagenu bezala. Den-dena entzungai, musikan funtsezkoa den ezaugarria izan ezik: soinua. Musika interpretazio baten magia bere hegaldian neurtzen da. Partiturarekiko fidagarritasuna mantenduz, musika liburua bota, astindu eta sentiberatasunaren argudioak pil-pilean irakiten jarriz, entzuleari soinu zaparrada distiratsuak bidaliz, hitzen bidez konta ezin diren sentsazioak deskribatzen has gaitezke. Piano errezitaldi osoan horren falta sentitu nuen: Ituartek hain ikasita eta landuta zeuzkan piezak estatiko geratu ziren komunikazio bidean, une preziatuen gabezia nabarmenegia izanik, oro arrazionalegi sentituz.

Pianista bizkaitarrak errezitaldi serioa egin zuen kontzertuko bigarren atalean, Liszten Ikasgai ero eta deabrutsuak mendikate aldapatsu baten igoera amaiezin baten isla baitira. Hamabi kolore, hamabi harribitxi, hamabi oztopo eta hamabi jasoaldi. Ituartek pianoari soinu trinko eta zuzen bat esleitu zion, guztiz bertikala akorde bakoitzaren eratze prozesuan eta guztiz garbia hatzen abiadura arrapaladatsuan. Mazeppa piezan zailtasunak maisuki gailendu zituen, larri baina gailentzearekin arrakasta berea du. Visión atalean Ituarteren barru-barruko sentimenak azaleratu ziren behingoz, pianissimi dastagarri eta gozoei esker. Indarrak ondo neurtu zituen piano jotzaileak hamabi mendikateak bikain igotzeko garaian, eta horretan berriz ere oso jakitun azaldu zen Ituarte. Halere, lehen zatian eskainitako Beethoven apal, xume, geldo eta gezak hotz utzi ninduen, melodien kantatze garaian soinu ezkutu eta opaku bat eratuz, eta Cesar Francken obran pianoaren soinu paleta ugaria hiruzpalau dinamika urritan mugatuz. Laburbilduz, partituraren fotokopia hor nuen, baina partituraren musika maizegi ezkutatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.