Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala

Pasioen antzezlana

Gontzal Agote.
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
'Las razones del corazón'

Zuzendaria: Arturo Ripstein.Gidoia: Paz Alicia Garciadiego.Aktoreak: Arcelia Ramirez, Vladimir Cruz, Plutarco Haza, Patricia Reyes Spindola. Herrialdea: Mexiko.Iraupena: 119 min.

Berriro ere Bovary andreak bisita egin dio Donostiako Zinemaldiko sail ofizialari. Gustave Flauberten eleberri ezagunaren gainean gaurkotze arriskatua egin du Arturo Ripstein zinemagileak, eta muturrera eraman du bere ikuspuntu pertsonala.

Testuari lehentasuna emanda, antzezlan baten gisako eszenaratze baten bitartez eraiki du istorioa zuzendariak: etxebizitza, pasilloa, ezkaratza eta ganbara. Eszenatoki itogarri horren barruan, maitale izan duen musikariak pasiozko harremanarekin segitzeari uko egin ondoren gatibu sentitzen da Emilia.

Atalez atal, hainbat pertsonaia agertzen dira Ripsteinek plano luzez filmatu duen taularen gainean: ohiko bizimodua nahi duen alaba, emaztea oraindik maite duen senar otzana, sexu grina ase nahi duen bizilagun koldarra, Disneyworldera bidaia prestatzen ari den auzoko errealista…

Horien guztien erdian, Emiliaren huts existentziala dago, pasioari galgarik jarri ezinean. Askotan bakarrizketen bitartez emanen du emakumeak bere nahigabearen berri, beste batzuetan ondoan dituenekin liskartuko da, bere egoera desesperatuari aterabide bat ezin aurkituz.

Arrazoia alboratuta, bihotzarekin begiratzeko aldarria da Las razones del corazón filma. Halaxe jokatu beharko du ikusleak ere, pelikula zail honen aurrean. Zailtasuna ez dago kontatzen duena ulertzeko bereziki konplikatua izatean. Kasu honetan, zailtasun nagusia pelikulara ikuslearen hurbiltzeko moduan dago.

Bihotz-begiekin ikustea lortzen duenak gozatuko du zinemagile mexikarraren proposamen ausartarekin. Baina halakorik gertatu ezean, luze eta askotan artifiziala eginen da haren pelikula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.