Idazlea: Brigitte Weninger.
Ilustratzailea: Eve Tharlet.
Itzultzailea: Aiora Jaka.
Argitaletxea: Ttarttalo.
Ondoko zutabeko Bost sagu bihurri musika jotzen liburuaren kritika irakurri baduzu, badakizu liburu hari gomendagarri iritzi diodala, batik bat hiru urtetik gorako haurrek gozatzeko abentura dibertigarri bat delako. Agian, falta izan zait eranstea ilustrazio eraginkorrak iruditu zaizkidala, kontaketaren tonu umoretsu eta positiboarekin bat datozela eta sinpleak direla, sinplekerietan erori gabe.
Tamalez, zutabe honi dagokion Bat denontzat eta denok batentzat! liburu hau, itxuraz oso antzekoa izanik ere, mamiz oso desberdina da.
Liburu honetan soilik pertsonaiei eta euren ezintasunei eman zaie garrantzia (sagu herrena, sator bista-laburra, igel gorra, sator ikaratia). Kontaketan, besterik gabe, pertsonaiak banan-banan agertzen dira, Bremengo musikarien ipuinaren hasieran egiten zutenaren antzera. Denak elkartu direnean euri zaparrada bat etortzen da, eta aterpe bat eratzen dute. Jarraian, eta amaitzeko, elkarri lagunduz bizitzea erabakitzen dute, «bat denontzat, eta denok batentzat» oihu eginez.
Eztabaidan hasi gabe ea zenbateraino hiru urteko haurrak besteen ezintasunekin enpatizatzeko eta adiskidetasunaren onurak goresteko gai ote diren, liburu honen gabezia nagusia beste bat da. Istorio batek asmo pedagogikoak edukitzearren jasaten duen arrisku larriena jasaten du ipuin honek: literatura gabezia edo, garbiago esanda, istoriorik ez kontatzea.
Haur eta gazte literatura. 'BAT DENONTZAT ETA DENOK BATENTZAT!'
Pedagogiak literaturaren lekua hartzen duenean…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu