Kritika. Zinema

Positibo eta positibo

Gontzal Agote.
2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
'Millennium; The Girl with the Dragon Tatoo'

Zuzendaria: David Fincher.

Aktoreak: Daniel Craig, Rooney Mara, Christopher Plummer, Stellan Skarsgaard, Robin Wright.

Herrialdea: AEB.

Iraupena: 158 min.

Aurreiritzi guztien gainetik eta reikiak ematen duen jarrera positiboarekin hurbildu nintzen Millennium: The Girl with the Dragon Tatoo horretara. Gutxiengo eternala izatearekin tematuta, guztiz irakurri gabeak nituen Stieg Larsson famatu zituzten hiru liburukoteak. Hortaz, ez neukan iniziazio erritu derrigorrezkoa pasata: bata bestearen segidan irakurri, ahal dela metro edo autobusean paseatu, inguruko guztiei jakinaraziz zer-nolako engantxea duzun. Jakin-mina ere banuen istorioak zer eskaini ahal zuen. «Milioika pertsona ezin dira okertuta egon» nire baitarako, ahaztu nahian-edo eguneroko seinale gehienek kontrakoa adierazten digutela. Konfiantza ia itsu horri pisuzko beste arrazoi bat gehitu behar: David Fincher sistema industrialaren barnean lan egiten duen egungo zuzendaririk interesgarrienetako bat da.

Ilusioak ez zuen luze iraun. Lehenengo hogei minutuetan filmak eman behar zuen guztia emana zegoen jada, abiapuntu zentzugabe bat, mila aldiz kontatutako iraganeko misterio eta horiek guztiak modernotasun mozorro baten azpian ezkutatu nahi zirenak. Hainbestetan entzun Lisbeth Salanderen pertsonaiari buruz, eta haserre aurpegiarekin agertzen zen beltzez jantzitako gazte hori al zen XXI. mendeko neohacker iraultzaile berriaren paradigma?

Dezepzioaren tamaina pantailan pilatzen ari zen topiko metaren parekoa izatera iritsi zenean, arnasketa sakonari heldu eta berriro ere gauzak modu positiboz ikusten saiatu nintzen. Baiki, Fincheren lana txukuna da, nola bestela. Ezin da deusetik jauregi eder bat eraiki. Sikiera zeukan oinarrizko material ahul horrekin dezenteko itxura eman dio azken emaitzari. Ia oharkabean, berriro karga negatiboa; antza denez, ez da sobera ausartu idatzita zegoenetik askorik urruntzen, sobera esperimentatzea komertzialtasunaren kalterako izanen zelakoan.

Eta, paperetan zegoena jasota, Agatha Christie eta Matrix-en arteko inongo lurraldean dagoen thriller triste eta hotz bat da Millenium. Energia guztiak positibora bideratuta ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.