Kritika. Musika

Prometeoren promesa

Arkaitz Mendoza.
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Berlingo Akademie Fur Alte Musik

Zuzendaria: Rene Jacobs. Egitaraua: Ludwig van Beethovenen 'Prometeoren izakiak' eta 'Biolin eta orkestrarako 2. erromantzea'; eta Jospeh Haydn-en '104. sinfonia'. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: azaroak 15.

Alemaniarren musika ezagutzak Europako gorenetakoak izan dira betiere, eta Berlin hirian arnasten den musika zaletasuna txalogarria izan da azken hamarkadetan. Akamus orkestra, duela ia 30 urte sortua eta antzinako instrumentuetan oinarritua, kalitatezko musika egurats horren adibide da. Jacobs kontratenor famatuaren lider dutela, talentu biziko musikari gazteak bildu dira orkestraren filosofian, barroko eta klasiko garaiko obrak arnasa eta argi distira berriz hornitu dituztenak agerraldi bakoitzean.

Zuzendari baten besoetan musika ikusi beharra dago. Haren keinu eta adierazpenek musikaren nondik norakoak islatu beharko lituzkete, konpasaren taupada nola edo hala kolpatu ordez. Jacobsen zuzendaritza lana entsegutan jorratzen dela aitortu beharra dago, musika interpretazioaren urratsak argi asko identifikatuz eta musikarien sentiberatasuna betiere neurtuz. Zuzeneko agerraldian, aldiz, ustel samar dabil zuzendaria, kontzertinoaren beso higiduretan funtsatzen baita Akamus orkestra.

Beethovenen Prometeo obra aurkikuntza zitala izan da entzuleriarentzat. Gutxitan gozatzen eta egitaratzen den obra mardula eta pisutsua dugu Prometeo, nahiz eta harribitxiz josita dagoen musika interesgarria izan. Akamus orkestraren hari sendiak abiadura eta energia ikaragarria txertatu zuen ordubete irauten duen obran, haize egurraren solo bakoitzari distira aparta emanez. Hamasei atal ezberdinetan zatikatuta dagoen obra honetan, Prometeo, Zeus, Apolo eta Olinpoko musa pilen kondairak eta pasadizoak deskribatzen dira. Horretarako, musikaren fidagarritasuna erabatekoa da Beethovenen musika idazkeran, une magikoak eta burrunbatsuak intentzio eta maisutasun handiz tartekatuz. Akamus orkestra zirraragarri, adoretsu eta estetikoki txundigarri.

Kontzertinoaren egitekoa nahiko aldrebesa izan zen Bonn hiriko musikagilearen Biolin eta orkestrarako 2. erromantzea-n, afinazioan desoreka galanta eta musikaren jariakortasunean zalantzatsu. Hala ere, Akamus makineria bero-bero martxan genuen berriz ere arrapalada bizian, Haydn sutsu eta dotore bat eskaintzeko desioan. Txirula gozo, klarinetea ameslari eta bigarren biolinak arreta handiko jardunean. Prometeoren promesak guztiz bete ziren amaitzean, Akamus orkestra garaile eta entzuleria kontent.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.