Artea. Kritika

Sotoetako izarrak

Mikel Onandia Garate.
2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Bilboko Guggenheimeko Bildumen aukeraketak II

Lekua: Bilboko Guggenheim museoa. Noiz arte: 2012ko urriaren 28a arte.

Bilboko Guggenheimek noizbehinka bere bildumako lanak agertzen ditu publikoan, askotan fundazioko beste zentroetako lanekin batera. Kasu honetan, baina, berariaz 1998tik gaurdaino Bilboko museoak osaturiko lan propioak bildu dituzte, datozen urteetan bilduma osoa erakusteko egitasmoaren barnean. Besteak beste, 50-70eko hamarkadetako Rothko, Warhol, Twombly, Txillida eta Oteizaren lan ospetsuak erakutsi ziren iaz. Oraingoan, guztira zazpi artista europarren hainbat pieza ditugu, 80ko hamarkadatik gaur arte gauzatuak denak. Egiaz, hautaketa erakargarria dugu, lanek —batzuk ezagutzen ez genituenak— ez baikaituzte hotz uzten.

Politikoki asaldaketa garaian jaioak, modu batean edo bestean, 60ko hamarkadan arautu zen mundu ereduaren aurka agertu ziren artistok. Alabaina, nekez aurkituko dugu horien artean diskurtso edo ildo bateragarririk, ezta behar ere. Proposamen bakoitzak badauka, gehiago ala gutxiago, esangura bereizi nabarmena.

Alde batetik, hiru margolari alemaniar ditugu. Anselm Kieferren (Donaueschingen, 1945) bi pintura monumentalak —Gau-orden ospetsuak (1997) eta Bi ibaien lurra (1995)— zenbat eta gehiagotan ikusi, oraindik eta gustukoago ditugu. Monumentalak tamainari dagokionez, bakoitzak bere gai propioa iradokitzen du, gizabanakoak kosmosean duen izate existentziala batak eta mendebaldeko zibilizazioaren jatorri mesopotamiarra besteak, baina eduki arrazionalaz askoz harago doaz, forma, kolore eta materia adierazkortasun sekulakoa lortzen baitu pintoreak.

Gerhard Richterren (Dresden, 1932) Itsas paisaia ederrak (1998), berriz, pinturaren eta argazkigintzaren erlazio eta mugen artean jolastuz, errepresentatutako paisaiaren izaeraren gainean galdetzera garamatza, eta aldi berean itsasoaren handitasunaren kutsu sublimea du hizpide, Friedrich erromantikoa zein Rothko mistikoa gogoratzeraino.

Hirugarrenik, museoak oraintsu eskuratutako Lenin andrea eta urretxindorra (2008) Georg Baselitz margolariaren (Deutschbaselitz, 1938) mosaiko koloretsu bezain sinbolikoa dugu, hamasei oihal handiz osatutakoa. Lehen aldiz ikusgai, oraindino bere osotasunean hainbat aldiz beharko ditugu ikusi bere horretan epaitzeko, baina lehen begirada batean erakargarri zaizkigu, eta oinarrian badute esangura kontzeptual nabarmena. Denetan Lenin eta Stalin diktadoreak agertzen zaizkigu, buruz behera eta zakila ateraz, arte garaikideari erreferentziak dituzten izenburuekin, karga satiriko nabarmenarekin.

Kriptikoagoa dugu Jannis Kounelis povera artearen aita pontekoaren (Pireo, Grezia, 1936) Titulurik gabea (1988), hormara itsatsitako haga batzuek ikatzez betetako zakuei eusten dieten modulu errepikakorrez osatua, misteriotsu bezain ulergaitza, monumental bezain indartsua. Sinplea izan ohi da Richard Longen (Bristol, Erresuma Batua, 1945) planteamendua, inplikazio kontzeptual nabarmenekoa, eta kasu honetan Bilboko zirkulua lanarekin (2000) —13 metroko diametroko arbela zatiz osatutako puzzle konplexu bikaina— landa eremuan egindako txangoen bizipenak adieraziz gizakiak mundu naturalean duen lekuaz galdetzen du, historiaurretik gizakiak izan dituen harrizko estruktura sinboliko-magikoen erlazioen erreferentziak galdu barik.

Azken bi proposamenak, instalazio barnehartzaileak, kutsu politikoagoko piezak ditugu. Christian Boltanskiren (Paris, 1944) Gizakiak (1994), funtsean, tamaina txikiko argazki eta tonu baxuko bonbilla argiz gauzatua, hunkigarria dugu oso. Bertan anonimo zaizkigun pertsonen sufrimenduarekiko enpatia sentitzen dugu, gizateriaren hauskortasuna eta iragankortasuna agerian uztea lortzen baitu, vanitas garaikide bat balitz bezala. Francesc Torres kataluniarraren (Bartzelona, 1948) proposamena ere ez da atzean gelditzen. Metodo tradizionalak eta garaikideak konbinatuz, Beranduegi Goyarentzat lanarekin (1993) Ilustrazioaren ondoren gizakiaren alderdi ilunenak ondoen agertu zituen pintorearen grabatu bat aitzakia hartuta, azken mendeko gertakari garrantzitsuenek egungo egoera geopolitiko zailarekin duten erlazioa aztertzen du maisuki, harrituta begiratzen duen tximino baten eskutik.

Guggenheim museoko sotoetako izarretako batzuk ditugu. Gustu kontuak gorabehera, ez dago lan horien kalitatea ukatzerik. Beste kontu bat dugu, ostera, museoaren erosketa politika, askotan kritikatua. 60 artistaren baino gehiagoren ehunka lanez osatutako arte garaikideko bilduma publikoa dugu, sekulako dirutzarekin gauzatua, ez beti irizpide artistiko argi eta zehatzekin. Tamalez, halako argi-ilunak euskal museo gehienetan aurkitzen ditugu. Nolanahi ere, kasu honetan, museoko funts guztiak erakusteari egitasmo osasungarri eta txalogarri deritzogu. Ea zer esan genezakeen hurrengo hautaketari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.