'Animals'
Zuzendaria: Marçal Fores. Aktoreak: Oriol Pla, Augustus Prew, Dimitri Leonidas. Herrialdea: Katalunia. Iraupena: 94 minutu.
Marçal Fores kataluniarraren lehendabiziko filma Kutxa-Zuzendari Berriak irabazteko hautagaia izan da. Sebastiane saria lortzeko hautagaia zen, gainera, baina azkenean Marialy Rivas txiletarraren lanari eman diote, Joven y alocada-ri. 2000. urteaz geroztik LGBT kolektiboaren errealitatea ongien agertzen duen filmari ematen zaion garaikurra da. Gehituren ekimenez sortu zen.
Von Trierren Zentropa etxearen produkzioa izanik, ikusmina sortu du; baina, egileak egindako apustua eskertzen den arren, ez du nabarmentzeko adina meriturik. Autoreak bere estiloa garatu nahi izan du, baina emaitzak ez du gogobetetzen ikuslea. Atmosfera eta musika itogarriak ezinegona sor dezake, baina istorioak nahikoa indarrik ez badu, beste guztia alferrikakoa da. Erraietara ez da iritsi ere egiten. Intriga eta tentsio momentuak dituen arren, orokorrean ez du asmatzen.
Pol 17 urteko gaztea da protagonista, eta anaia zaharrarekin batera bizi da. Gurasoei buruz ez da ezertxo ere esaten eta hori eskertzekoa da. Zauriaren iturburua deskubritzea interesgarria gerta daiteke, nola ez, baina originaltasunik ez luke batere edukiko. Iraganera bidaiatzea errazegia litzateke. Polek bere buruarekin arazoak ditu, eta, horregatik, bere hartz panpinarekin hitz egiten du. Panpina ez da Ted bezain dibertigarria eta basatia, panpinaren baliabidea protagonistaren bakardadea agertzeko baliatu nahi du. Lars and the Real Girl-en antzera, panpinak hezur-haragizko pertsonen hutsunea betetzen du. Norberaren beldurrek nola edo hala azaleratu behar dute, eta, kasu honetan, panpinaren presentziak zerbait gaizki dagoela adierazten digu.
Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Zuzendari berriak
Teddy
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu