Donostiako 46. Jazzaldia. Kritika

«Teknika bikaina eta pasio handia»

2011ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Hiromi: 'The Trio Project featuring Anthony Jackson and Simon Phillips'
Lekua: Kursaal auditoriuma
Eguna: uztailak 24


Bikaina eta aparta! Oscar Petersonen influentzia nagusia duen Hiromik igandean emandako ikuskizuna! Aurreko urtean Stanley Clarke kontrabaxu jotzailearen piano laguntzaile bezala etorri zen, eta aurten Hiromi bere hirukotearekin etorri zaigu: nola ez, New Yorkeko Anthony Jackson munduko baxu jotzaile hoberenetarikoarekin eta solo izugarria eskaini zuen Londresko Simon Phillips bateria jotzailearekin. Hiru artista handi hauek elkartuta, zaila izango litzateke gauza interesgarririk ez ateratzea, eta horrela izan zen: esperientzia bikaina entzulearentzat! Eztanda musikala kontsidera zitekeen igandekoa. Hasiera batean jazz estilo klasiko batekin hasi zen Hiromi, ukitu moderno batzuekin eta perkusioa eta baxua lagungarri zituela, baina poliki-poliki eboluzioa harrigarria zen. Eskuak hegan zituela zirudien, ehunka nota jotzeko gai baita, indarrez eta abiadura harrigarriarekin. Batzuetan modu hotz batean jotzen zuela pentsa genezakeen, baina hori pentsatu aurretik, sentimenduz betetako soloak interpretatzen hasi zen. Bigarren proposamenetik aurrera Nord Clavia teklatu gorriaren soinu elektronikoak erabiliz funk eta jazz fusion estiloetatik pasa zen eta, hori gutxi balitz bezala, oinarria musika klasikoan ere baduela azaldu zuen obra klasikoen hasiera erromantikoak erabiliz, ondoren sentimendu eta pasio handiz akordeak aberastuz jazzaren mundura eramanez. Eskalak gora eta eskalak behera, batzuetan zutik eta bestetan saltoka pasioak eramanda, jendea bereganatu zuen bere musikarekin. Argi utzi zuen igandean Hiromik jazzaren historian lekua hartzeko asmoa duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.