'Aterballetto'
Konpainia: Aterballetto.Lekua: Bilboko Arriaga antzokia.Data: martxoak 28.Dantza egitarau bikoitza ekarri du Bilboko Arriaga antzokira Aterballetto Italiako konpainiak. Koreografia biak Mauro Bigonzettirenak izan dira, eta atal bakoitza konpositore klasiko banaren musikan oinarritu da. Bigonzettik oso lotura estua dauka taldearekin —zuzendari artistikoa izan zen urte luzez—, eta horrek asko markatu du gaualdiaren estiloa, ene uste apalean gehiegi zentratu delako konpainiako dantzarien gaitasun teknikoetan bere piezak diseinatzerakoan, haien entrenamendu fisiko gogorrek kutsatuta balego bezala.
Lehen atalean —Come un respiro— Haendelen hainbat pieza labur entzun ditugu, Bruno Moretti pianista bikainak zuzenean jota. Konpainia lerro frontal bakarrean agertu da, eskuetatik elkarri lotuta eta abiadura geldoan eginez hip-hop estiloa subliminalki gogorarazi diguten ondulazioak. Hasiera horretatik aurrera, banaka eta binaka jardun dute dantzariek, denak oinutsik eta praka beltzekin jantzita; emakumeak elastiko zuri batekin bularraldean eta gizonak agerian.
Arestian esan bezala, koreografoak dantzarien gaitasun tekniko itzela nabarmentzeko baliatu ditu haien guztien agerpenak, ballet klasikoan duten heziketa sakona ikuspegi garaikide batetik erakutsiz eta noizbehinkako konposizio estatikoak eboluzioen artean tartekatuz. Horrela izanik, muturreko zailtasunekoak izan dira bakarlariek zein bikoteek egindako ariketak, eta elkarrekin txirikordatutako gorputzen arabeskoak ikusi ditugu une askotan. Baina musikaren planteamendu zatikatuak eta jantzien zein argien diseinu lehorrak, mugimendu-estudioen segida hutsaren sentsazioa utzi digute, trantsizioetan izandako umore txinpartak gorabehera.
Rossini Cards izena zeukan gaualdiko bigarren atalak, Rossiniren musika zatiak izan direlako planteamendu koreografikoaren gidariak; gehienetan, Morettiren pianoak lagunduta. Ostera ere agertu da konpainia lerro frontal bakarrean, oraingo honetan praka eta jaka beltzak jantzita, eta ostera ere ekin diete beren ariketa miresgarriei. Lehen atalean bezala, besoen proiekzioen determinazioak eta eskuen jarrera delikatuek nolabaiteko lirismoa eman diote mugimenduen perfekzioari, eta estilo horren osagarritzat jo ditzakegu eboluzio geldoetan txertatu diren bat-bateko garapen azkar eta laburrak.
Jantzien diseinua aurreko piezan baino ausartagoa eta anitzagoa izan da bigarren honetan, baina argien diseinuan Carlo Cerriren ildo ia monokromatikopean jarraitu dugu. Umorea ere tartekatu da noizean behin, eta protagonismo handia hartu du, gainera. Hala ere, Bigonzettiren estiloak dantzarien prestakuntza eta ariketa fisikoen zailtasuna frogatu ditu gehienbat, dantzaren baitako edertasuna erakutsi beharrean.