'My Fair Lady'
Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: abuztuak 16.
Donostia bisitatu ostean eta Iruñera joan baino lehen Bilbora etorri da My Fair Lady musikala. Seguruenik, udako egun sargorietan jendea antzoki barrura erakartzeko produktu egokitzat jo dute programatzaileek. Eta ez zaie arrazoirik falta, nire adinekoen iruditeria kolektiboan behintzat, iltzatuta geratu zelako izen bereko filmaren dotorezia —Audrey Hepburn zoragarria protagonista zela—, Hollywoodeko ohiko lerde matxista eta atzerakoia gorabehera.
Antzerkizale batzuek ere gogoratuko zuten Bernard Shaw irlandarrak idatzi zuela Pygmalion antzezlana XX. mendearen hasieran, greziar mitoaren kondaira oinarritzat hartuta. Haren arabera, egileak maitemindu egiten da berak sortutako eskulturaz, eta Shawk maisuen modura ekarri zuen jatorrizko ideia Londres victoriarreko gizartera, zenbait giza gatazka elkarren alboan ehunduz. Bestetik, aspaldiko kontua da zinema eta antzerkiaren arteko lehia, eta behin baino gehiagotan komentatu dugu orriotan antzerkia ezin dela arerioaren arma berberekin lehiatu, bide horretatik galdua baitu bataila hasieratik bertatik. My Fair Lady honetan, ordea, Broadwayeko ekoizpenen antzera jokatu dute —normalean gurera datozen produktuok handik sortutako frankiziak izaten dira— eta, bide horretatik, aparatu handikoak izan dira eszenografia, jantziak eta gainontzeko alderdi eszenikoak, zuzenean jotako musika barne.
Hain zuzen ere, Frederick Loeweren melodia hilezkorrak dira musikal honen balio nagusia, abeslari batzuen ahots kalitatearekin batera, nahiz eta Sergi Cuencaren zuzendaritza musikala zamatuegia iruditu zaidan abestien ahots-tratamenduari dagokionez. Jaime Azpilikueta donostiarrak sinatzen ditu zuzendaritza eta dramaturgia, baina, ene uste apalean, eskura zituen baliabide eszenikoak ahalik eta gehien erakustera mugatu du bere burua, benetako antzerkiari dagokion iradokitze maila hutsaren pare utziz eta emanaldiaren erritmoa eta bizitasuna errotik ezabatuz.
Bigarren zatiaren hasierako eszena har dezakegu dramaturgia idorraren adibidetzat. Bertan Transilvaniako erreginaren aurrean aurkezten dute protagonista, baina eszenikoki ez da ezer ere gertatzen, dekoratu aldaketa eta jantziak ikusgarriak diren arren. Bestetik, nabarmentzeko modukoa da Paloma San Basilioren zurruntasun eszenikoa, alboan zituen Higgins ikerlari jakintsua eta Pickering koronel zaharra bera baino askoz dinamikoagoak suertatu direlako. Kontrako platerean jarri behar dira Doolittle andereñoaren aita eta bere lagun mozkorrak, beraienak izan direlako emanaldiaren alaitasun apurrak.
Kritika. Antzerki musika
Transilvaniako erregina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu