Kritika. Donostiako 47. Jazzaldia

Tronpeten omenez

Neneh Cherry, herenegun, Donostiako Trinitate plazan. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
2012ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Neneh Cherry & The Thing: 'A tribute to Don Cherry', eta Miles Smile

Lekua: Trinitate plaza. Eguna: uztailak 23.

Neneh Marianne Karlson Cherry (Suedia, 1964). Abeslaria, konposatzailea, DJa, raper eta irrati esataria dugu. Abangoardiako musikarekin azaldu zen herenegun gauean Trinitate plazan. Bere musikafree jazzean murgilduta dago, eta, hor, bluesa, rocka, funka eta jazza, guztia koktel energetiko batean nahastu, eta era libre batean interpretatzean dago gakoa. Kontzertua Don Cherry tronpeta jotzaile ospetsuari, (1936-1995) bere aita zenari eskainitakoa izanik, espero zitekeen garai bateko jazza entzutea; beraz, tronpetei lotutako kontzertu izatea. Eta ez, ez zen hala izan. Hala bai? Taldearen izena, The Thing of Cherry, nahikoa esanguratsua egiten da,bere aitaren askatasun gogoa aldarrikatu nahi baitu alabak. Hori du aldarri eta helburu haren taldeak ere: formak eta etiketak nolabait gailenduz musika egitea, sortzea. Beraz, aitaren asmoak hor ziren, eta hartan saiatu ziren. Era nahiko librean, batez ere, Mats Gustafson saxo jotzailearen eta Nenehren arteko etengabeko elkarrizketa indartsuetan. Iparraldeko jazza dugu hau, ingelesez abestua, baina musikariak suediarrak eta norvegiarrak ditugu. Halere, ez pentsatu musika hotza izan denik; inondik inora ez da hala izan. Beroa eta nahikoa tripetatik ateratakoa, nahikoa senezkoa, instintiboa, izan baitzen. Itxura hori eman zioten, behintzat.

Hurrengo kontzertuan, Miles Davis izan zuten gogoan. Badira hogei urte jazzaren historian izan den tronpeta jotzailerik bikainena zendu zela. Hainbeste? Gezurra dirudi! Eta haren ondoan izandako musikariek gazteak dirudite oraindik. Zeren Milesekmusikari oso gazteen inguruan igaro zituen azken urteak. Betiere, abangoardiaren bila, jotzeko era berritzaileen bila, musikaren iraultzaren bila , etengabe bila, eta, horretarako, odol berria behar izaten zuen. Halaxe gertatzen da, adibidez, Robben Ford gitarra jotzaile bikainarekin. Maisuetan maisu, han zegoen, Milesi omenaldia egiten, eta, bitartean, guri eskaintzen aspaldian entzun ez bezalako gitarra solo ikaragarriak; garai batekoak, akaso, baina ikaragarriak. Rock gordin ukitu horrekin, bluesaren esentzian eta funkaren lurrinetan oinarritutako solo bikainak. Egun Rolling Stonesekin diharduen baxu jotzailea, Darryl Jones, bikain. Rick Margitza, saxoarekin, apartekoa. Omar Hakim bateria jotzaileak solo-etan lortu zituen entzun ziren txalo zaparradarik ozenenak. Joey DeFrancesco, gazteena, 17 urterekin egon zen Miles Davis mitikoaren ondoan. Egun 47 urte ditu, eta jazzean organo jotzaile onenetarikotzat jotzen dute. Indarra eta kemena erakutsi zuen, organoa dardarka jarriz. Akaso, eginkizunik zailena Wallace Roneyk izango zuen, tronpeta jo behar baitzuen. Eta jo zuen. Milesen estiloari inongo traiziorik egin gabe, eskuzabal jo zuen; teknikoki, perfekzioaren marretan. Taldea osotasun batean, oso sendo, zehatz. Milesek, kontzertu hau entzungo balu, irribarre egingo luke, zalantzarik gabe. Ikusleek, aurten Trinin ikusi ditugun gazteenek, plaza bete zuten, gozatzen, zutik txaloka, Jazzaldi hau agurtuz, datorren urteraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.