Rotterdam orkestra filarmonikoa
Zuzendaria: Yannick Nezet-Seguin.
Pianista: Nicholas Angelich.
Egitaraua: M.Ravelen Ma Mère l'Oye, F.Liszten 2.Pianorako Kontzertua eta B.Bartoken Orkestrarako kontzertua.
Lekua: Donostiako Kursaal auditorioa. Eguna: Abuztuak 12
Belardi zabalean tulipanak loratze prozesuan. Batzuk distiratsu, beste hainbat oker bidean goibel eta gehienak nahiko tente baina hazteko irrikaz. Rotterdam orkestrako musikariak halaxe sentitu nituen: tulipan pila Kursaaleko zelai emankorrean baina kolore intentsitatean aldakuntza nabariegiak. Landak jasaten zituen argi printzak eta haize burrunben norabide aldakorrak zentzu handiz gidatu zituen Nezet-Seguin zuzendari gazteak, zurezko haizezko instrumentuen partaidetza nagusiak lilura deigarriz nabarmendu zitezen.
Udako sargoriak kiskaltzen duen belardiaren erdian enbor puska galanta ageri zen: Angelich pianista amerikarra. Altuera ikaragarria, gorputz sendoa, Liszten akordeak suntsitzeko aproposa. Ravelen haur pieza bilduma zintzo, alai eta miresgarri bat entzun ondoren, teklatuan barrena Angelichek jaurtitako suziri mordoek giroa erabat irauli zuten. Orokorki latz, zuzen eta esanguratsu aritu zen amerikarra, baina baita zakar eta basapizti ere. Pianoarekiko orkestrak garatutako gida laguntza ez zen tulipan gorri min batek behar zuena izan, berezitasun falta nabarmenegia.
Tulipanez josita genuen belarditxoa atsedenaldian gogoz ureztatu ondoren, Bartoki harrera arranditsu bat emateko prestatu ginen. Nezet-Seguin zuzendari gazte eta ospetsuaren bitartez Rotterdam hiriko orkestra lore sorta usaintsuak banatzen hasi zen; metal taldean lehenik, boteretsu eta ziurtasun deigarriz. Handik tulipan dirdira osoa klarinete eta fagot hirukoterantz, haien erritmo bizi eta soinu inguratzailearekin. Hortik hari sendira; biolinak emari, biolak Bartoken erritmo azentu kutsuetan sartuta eta biolontxeloak soinu korronte basati gisa. Tulipan politez loreztatutako belardia izan arren, gorri kolore bizia goratzeke dago Herbehereetako orkestra honetan.
Kritika. Musika
Tulipanen koloreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu