Kritika. Musika

Txukun eta merke

Arkaitz Mendoza.
2011ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Andres Orozco Estrada. Biolontxeloa: Gabriel Mesado.

Lekua: Donostiako Kursaal Auditoriuma. Eguna: urriak 20.

Orozco berriz ere gure artean da, eta energia berriztatu da. Geldiezina da kolonbiarra, eta bere indarrak eta ausardiak estutu egin du EOS azken bi urteotan. Batzuk gustura ibiliko dira abiadura zitalekin eta aldez aurretik oldoztutako musika irizpide berriekin, baina beste batzuk itolarrian dabiltza azkeneko hilabeteetan. Haize atalean flauta eta fagota arin mantentzen ari dira, baina tronpak eta klarineteak doi-doi dabiltza, arnasestuka, kolonbiarraren grinari aurre egiteko.

Mendelssohn musikagile alemaniarrari omenaldi berezia egin nahi izan diote krisialdiak oztopatzen duen musika denboraldi honi ikuspegi baikor bat emateko, eta erantzuna txukuna eta polita izan da. Nahiz eta musikalki Mendelssohnen lehen urratsak argi ikusi bere lehenengo Sinfonian, esaldikapenen lotura eta harmonia kohesioetan aberastasun itzela nabarmentzen da, Schumannen ildotik abiatuz eta Brahms gomutaraziz. Hasierako Allegro di molto pasarteak lehen biolinen artea izugarri irudikatzen du, eta EOSekoek miresgarri landu zuten, azkeneko urteetan hobera gehien egin duen orkestrako atala dela erakutsiz. Trio-ko hanka-sartze petralak ahazterainokoak izan ziren biolinen poztasuna begiztatuta.

Mesado orkestrakideari bere bizitzako aukerarik politena aurkeztu diote orkestra aurrean bakarlari gisa parte hartzerakoan. Lehen aipatutako krisialdiak aukera berrien eta ideien leheneratzea dakar, eta Mesadoren kasua dago hor. Aukera eta erronka ez zen makala izan, Txaikovskiren Bariazioak lanak talentu eta heldutasun itzela eskatzen baitio bakarlariari, eta orokorki emaitza jatorra izan zen. Aukera eman zaio, eta gau berezia izan zen biolontxelo jotzaile kataluniarrarentzat. Amaitzeko, Mendelssohnen Italiar Sinfonia, argiz betea, Orozcoren makila zorabio bizian eta orkestraren zaldiko-maldikoa lauhazka bizian!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.