Kritika. Opera

Verdiar hasiera

2012ko urriaren 2a
00:00
Entzun
'La traviata'

Bakarlariak: Ermonela Jaho, Jose Bros, Artur Rucinski, Itxaro Mentxaka, Ainhoa Zubillaga. Musikari zuzendaria: Keri-Lynn Wilson. Eszena zuzendaria: Pier Luigi Pizzi. Musikariak: Bilboko Orkestra Sinfonikoa. Abesbatza: Bilboko Opera abesbatza. Lekua: Euskalduna jauregia. Eguna: Irailak 29.

Kulturari eginiko guk ezagutu dugun erasorik handienaren sasoian, OLBEk modu dotorean eman dio hasiera kontserbadore izaera edukiko duen opera denboraldiari. Izan ere, operazaleen Bilboko elkarteak XIX. mendeko italiar erromantizismoaren lanetan —bat izan ezik— babestu nahi izan du bere burua krisialdiari aurre egiteko. Beraz, maiz antzezten den La traviata orekatua eta erakargarria iruditu zaigu, aurton ere, zalantzarik gabe.

Esaterako, badakigu oso zaila dela Violetta biribila lortzea. Baina Ermonela Jaho sopranoa asko hurbildu zen arketipo idealera. Hasierako zalantzak ahotsaren kokapenarekin kendu zituen, eta gainontzeko ekitaldietan dramatismoa bete-betean sortzeko, ahots zabala, kantu ixila eta filado izugarriak haizeratu zituen. Jose Bros tenorrak, berriz, beti bezain lerden, fraseo dotorearekin abestu zuen Alfredoren rola. Berriz, asko gustatu zitzaigun Artur Rucinski baritonoaren lerro kantu biribila eta antzezteko modua, Germont-en rolean. Itxaro Mentxakak polito interpretatu zuen Floraren rola eta Ainhoa Zubillagak Anninarena. Gainontzeko parte hartzaileek egoki bete zituzten haien abestaldi laburrak.

Keri-Lynn Wilson zuzendariak interpretazio ona egin zuen Verdiren maisulanean, eta modu berean jo zuen, arazorik gabe, Bilboko Orkestra Sinfonikoak. Bestetik, lan handia eta kalitatezkoa egin zuten Bilboko Opera Abesbatzakoek, bai kantatzen zein antzezten, Borin Dujinen zuzendaritzapean. Pier Luigi Pizzik eszena antolatzeko modu dotorea aukeratu zuen, burgesiaren gela neoklasikoak eta giroa egoki gauzatuz. Baina, nire ustez, lehenengo eszenaren dantzaldiak eszena osoa behar zuen. Beste aldetik,diskurtso estetikorako astunegiak iruditu zaizkit operak izan zituen lau etenaldiak, Euskaldunak dauzkan baliabideak kontutan hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.