Literatura

'ZAKURRAREN POEMA ETA BESTE HEZURRAK'. Labirintoan bizirik

2012ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Egilea: Martin Etxeberria.

Argitaletxea: Elkar.

Hiru Etxeberria dira Zarautzen, idazleak alegia. Aitziber da lehena, bikiak beste biak: Martin eta Xabier. Poeta nor den? Haren begiradan antzematen da: Martin Etxeberria (Zarautz, 1974). Hiru poesia liburu kaleratuak ditu: Katiluaren ipurdia (Alberdania, 1999). Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin (Elkar, 2005) eta Zakurraren poema eta beste hezurrak (Elkar, 2011).

Hamalau urte zituela idatzi zuen lehen poema Martinek: Autopsia xume bat. Maite ez zuen neska baten izenarekin izkiriatu ere. Etiopia (Utopia) lehen aldiz, irakurri zuen garaia zen. Poesiak, zigarroak nola, adikzioa sortzen duela gaztigatu zuen/zigun. Aitziberrentzat poeman, kasu: «Kontuz ibil hadi, arrebatxo, tristurak adikzioa sortzen din. Begira niri bestela». Katiluaren ipurdia-ren lekukoak ditugu hitz horiek.

Bigarrenean, maite zuen neskaren izenarekin bizikleta bat egin zuen/ zigun. Katiluaren eta hautsontziaren (h)ondoan kafearen eta zigarrokinen arrastoak usaintzen ditugu oraindik ere. Artean, «gure» poeta minotauroa legez dabil munduan, labirintoan: «Labirintoa erditik zeharkatzen duen kale zuzen horrek nahastu zaitu: aspalditik zabiltza galduta». (Soukenická poema). Mundua oso arraroa dela ere gaztigatu zigun: «...buruz behera jarritako plater bat».

Horiek horrela, Zakurraren poema eta beste hezurrak paratu digu oraindik orain. Kantauriko Zarautz dugu Mediterraneoko Kretako Knosos. Martin poetak begiekin idazten du bereziki, begiekin pentsatzen du. Pertsonen —eta animalien— azalean aurkitzen ditu hitzak, horiexek iradokitzen dizkiote egia handienak.

Zakurraren azalez heldu zaigu poeta, saguzarrek zulatutako arratsetan tximela zatarrek legez hegan. Zarauzko espaloietan barrena dabil, farolen zapatetan hanka bat pausaturik, bestea altxatzen du lotsagorritua. Bere patuaz lotsagorritua da, bere hitzak gaizki ebakitako euli-bizarrak antzo begitantzen ditu-eta. Mundua arraroa zaio, eiki. Eskua zabalik du poetak, halere. Txorien begiak ditu lagun, haizeak irakurtzen diona begiekin idazten du. Larrugorritasunean paratuta ere, lotsa atsegin zaio poetari, Martini. Haren beste ni alboan dabilkio-eta. Tristura masturbatzen zaio bere baitan. Jainkoaren ukenduaz gozatzen du bizitza. (Jainkoaren olioa poema). Heriotza amaigabea zaio, amaia izan arren. Bizitza zulo zaio, azalekoa izan arren. Hobe dena ez ulertzea, diosku: «Bizi nahi dut nire heriotza, nire begien zeruan». Oraindik ez dakiela ikasi duenarekin zer egin, diosku baita ere. Anartean, kafearen, kearen eta laranjen arratsaldeek laguntzen diote labirintotik ihes egiten. Errinozeronte bat da, itsua eta astuna. Karakolaren labirintoan dabil. Bere buruaz beste egiten saiatu da munduko labirintoan, labana boligrafoa bihurtu zaio alabaina. Arratseko hego haizeak dakartzan euliak uxatzen ditu eta arrainen begietan paratzen ditu bereak, Kantauriri begira: «Olatuak masturbatzen pasa dut arratsalde osoa. Begira, isilik. Memoriaren ahur zipriztinduak itsasoz hustu nahian. Gatza da, baina, izan nintzen ura ahaztea» (Gatza poema).

Poema —objektua— izakaria bihurtu du engoitik. Infernua itsasoaren azpian dagoela ohartarazten digu Martinek. Sartre lagun. Jean Paulek arrazoia baitzuen. Bere erara, noski. Marmokak ditu ere lagun poetak. Hitzen ametsaren zain (liburuaren 3. zatia) geratu da. Nahizena naiz (Jon Benitori eskainia) poema biltzen da poetaren izaera —eta izaria—. Izan nahi duena da bera ere: «Nahizena naiz ni ere. Azken Portuko mutila. Lotsatzen zena eta lotsatzen dena, bere lotsaz». Labirintoan bizirik irauteko ateak baino gauza gehiago behar direla jakitun da honezkero Martin Etxeberria poeta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.