Kritika. Zinema

Zintzotasuna eta ausardia

Gontzal Agote.
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
'J. Edgar'

Zuzendaria: Clint Eastwood. Aktoreak: Leonardo DiCaprio, Armie Hammer, Naomi Watts. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011.

Iraupena: 137 minutu.

Azken bi urteotan galdu samar ibili da normalean balore segurua izan ohi den Clint Eastwood. Mandelaren Hegoafrikara eta beste mundura egin zituen irtenaldiak jokoz kanpo zegoen zinemagile baten ahuleziak agerrarazi zituzten. Dagoeneko dena barkatzen ahal zaio Clint handiari, baina aukeran askoz nahiago bere eremu naturalean mugitzen denean. Eta, dudarik gabe, J. Edgar Hoover eremu naturala du.

Oliver Stoneren gehiegikerietatik urrun, Ameriketako Estatu Batuetako kronista garaikidearen titulua lortzeko tema berezia erakutsi du Eastwoodek. Adinak eta eskarmentuak ematen dituzten patxada eta distantzia baliatuta, haren azken hogei urteotako filmografia herri horren XX. mendeko istorioaren mosaiko askotariko eta zintzoa da.

Itzuli da berejokalekura, eta horretan berriro ere eroso agertuko da Clint beti-gaztea. Dotorezia handiz filmatu du soilik itxuraz AEBetako pertsonaiarik inportanteenetako baten biografia den film berria, eta, onerako zein txarrerako, bizirik dagoen azken zuzendari klasiko bat dela erakutsiko du. Onerako, haren zainetan eta haren kameran soilik DVD plastikozkoetan aurkitzen ahal den zinema ulertzeko modu baten azken hatsa dagoelako. Txarrerako, hainbatetan neurrigabeko klasikotasun horrek istorioa eta pertsonaia sobera kateatzen dituelako.

Parentesia itxita, J. Edgar 2008ko Changeling bikainaren film osagarria da. 1928an gertatzen den desagerpenaren B aldean dauden hainbat gauza argitzera dator FBIren sorretatik abiatzen den istorioa. Eta batean zein bestean, bi parte oso bereiziak daude egitura narratiboaren barruan. Changeling-en hondoratze ekonomikoaren aurreko ama adoretsu batekin hasi, eta zinema beltzaren iluntasunera joko duen istorio gordin batekin amaituko da. J. Edgar honetan, berriz, James Cagneyren zinema beltzarekin abiatu, eta maitasun harreman hunkigarri batekin bukatu.

Hain zuzen ere, bigarren parte hori da J. Edgar-ek duen alderdirik interesgarriena. Momentu batean, FBIko zuzendari nagusiak bere erara moldatutako istorio subjektiboarekin kito egitea erabakiko du. Orduan, sentimendu eta begirada debekatuen eztanda loratuko da. Orduan, botere, handinahi eta faxismoaren aurpegi instituzionala ordezkatzen duen Edgarrek sufritzen, zahartzen eta makaltzen ari den Hooverri utziko dio lekukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.