Kritika. Musika

Ziztu bizian

Arkaitz Mendoza.
2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Andres Orozco-Estrada. Perkusionista: Martin Grubinger. Lekua: Kursaal auditoriuma. Eguna: urtarrilak 16.

Urte berria iritsi da, eta EOSek ziztu bizian hasi du aro berria. Martin Grubinger perkusionista austriarraren presentziarekin, show itzela izan dugu; multiperkusioan deabrukeriak egiten ditugazte irribarretsu horrek. Marinba, bibrafonoa, danbor tenorra, krotalo afinatuak, zintzarriak, toms-ak…, eszenatokia instrumentu erakustaldi bat izateaz aparte, erritmoa eta perkusioaren aztarnak guztiz barreiatu zituen Grubingerrek. IndoAfrica atalean, marinbaren eta zintzarrien arteko musika jokoa ikaragarria izan zen, bai marinbaren sotiltasunezko pasarte leunetan, bai zintzarrien kanpaikada iskanbilatsuetan. Bibrafonoaren epeltasuna EurAsia atalean girotu zen, hariaren tremolo sorginduaren laguntzarekin. Errege Magoen oparitxoa berandu baina begi bistan azaldu zen: Grubinger artistak danbor tenorra sorgindu eta irribarre kutsakor batekin aho zabalik utzi gintuen; kristorena!

Duela egun gutxi ospatu ditu30 urteak, eta horren inguruan atzerritar konposatzaileei zuzenduriko proiektu interesgarri bat martxan jarri berri du orkestrak. Hortaz, Michael Finnissy ingelesaren zortziko erritmo hauskaitza etengabeko taupada hots bilakatu zen bere obra txikian. Andres Orozco-Estradaren besoetan zortziko erritmoa eta zurezko haizean soinu burrunba gozoa melodia jakin bat eratu gabe. Obra jatorra, trabarik egiten ez dutenetarikoa.

Etenaldiak ez zuen Orozco-Estradaren bihotz taupada makaldu, guztiz astinduta atera baitzen Brahms zuzentzera. Hain erromantiko, xuxurlari eta pisudun den obra ikaragarria hiru hozkadatan irentsi zuen zuzendariak, obrak maisutasunez garatzen dituen lehengai guztien deiadarra erabat isilduz. Allegro non troppo atala bai troppo abiaduran gauzatu zen, azkar, haria arnasestuka, esaldien amaierak dotore biribildu gabe. Gehiago espero nuen Orozco-Estradaren Brahms munduaz, baina kolonbiarrak Brahms arin bat du buruan, pisurik gabekoa, melodien ibilbidean gozamen uneak markatzeko beharrik sentitzen ez duena. Hala ere, nire sinfoniarik maitekorrena entzuteko aukera ez zitzaidan ziztu bizian pasatu, harribitxi bilakatzen diren uneak isilezinak baitira Brahmsen eguratsean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.